Elgetan 212 lagunek eman zuten izena hirugarren Euskaraldirako: 178 ahobizi izan dira eta 34 belarriprest. 2018ko Euskaraldian 220 ahobizi eta 42 belarriprest izan ziren izena eman zutenak.
Bi astez txapa paparrean jarri eta hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen ariketa egin dute. Nolabait ere, euskararekiko herri-gogoaren neurria ematen duen datua da, baina Euskaraldia batzordean ere jakin badakite egon dela herrian izena eman gabe ere ariketa egin duenik.
Hainbat ekitaldi egin dira hamabost egunotan Elgetan. Horien artean izan da kale erabileraren neurketak emandako datuen aurkezpena. Elgetan hamarretik seik dihardute euskaraz kalean; 3,9 puntu jaitsi da euskararen kale erabilera. Bakoitzaren ohiko harreman sareetan eragiteak hautu kontzientea egitea eskatzen du, eta praktikari eusteak jarraikortasuna. Euskaraldia batzordeak hurrengo egunotan egingo du balorazio bilera.
Hainbat ekintza herrian
Euskaraldiari hasiera eman aurretik, patata-tortilla lehiaketa egin zuen Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak. Euskaraldiaren etorrera girotzeko balio izan zuen. Bakarrizketa umoretsua ere izan da egunotan; Garazi San Martinek egin zuen, Espaloian, Udalak antolatuta.
Hamahiru arigune izan dira Euskaraldi honetan Elgetan, eta Herri Eskola izan da horietako bat: eskola orduetan egindako ekintzez gainera, hezkuntza komunitate osoa Euskaraldiaren aldeko argazkia ateratzera gonbidatu zuten.
Bihar, bertso-bazkaria
Bihar da Euskararen Eguna, eta Udalak bertso-bazkaria antolatu du Bolatokian. Miren Amurizak eta Aitor Sarriegik egingo dute bertsotan, Amaia Agirrek jarritako gaiak oinarri hartuta.