Uemak Elgetako euskararen kale erabilera neurketaren datuak jakinarazi ditu; hala, datuek diote 2017az geroztik ia lau puntu jaitsi dela erabilera. "Jaitsiera badago, eta kezkatzeko kontuak badira; hamarretik ia sei elgetar euskaraz entzuten da kalean. Kezka sortu dezakeena da haurren arteko euskararen erabilerak izan duen jaitsiera", azaldu du Arritxu Zelaia teknikariak.
Arreta haurrengan jartzen bada ere, azpimarratu du erabilera datu handiena haurrek dutela. Heldu-gazteek heldu-nagusiek baino gehiago egiten dutela euskaraz ere badio, eta igoera izan duela taldeak: hamarretik zazpik dihardu euskaraz.
Era berean, azpimarra jarri du etxeko erabileran eta lehen hizkuntzan: "Kalean euskaraz egiteko determinantea da etxeko hizkuntza. Ezagutzak baino gehiago markatzen du kale erabilera. 1991n, %76,4 zen; 2021ean, aldiz, %51,2 da. Arnasguneetan dauden faktore askoren aldaketen emaitza da, ikuspegi integraletik aztertu beharrekoak".
Biziberritzeko urratsak
Euskararen ezagutza mantendu egin bada ere, euskararen kale erabilerak behera egin duela dio Ane Bilbaok, Euskara zinegotziak. "Ezagutzaren eta era-bileraren arteko aldea nabarmena da. Izan ere, herritarren %77,8 euskaldunak izanda eta %11 ia euskalduna, herriko elkarrizketen %57,9 soilik dira euskaraz. Elgetako Udaletik ahalegina egin dugu azken ur-teotan euskararen biziberritzean urratsak egiteko: hizkuntza paisaia euskaldunduz, euskara ikasteko dirulaguntza lerroa indartuz, berbalagun taldeak martxan jarriz, hitano ikastaroak antolatuz, AEKrekin elkarlanean euskara ikasteko talde bat sor-tuz... Oro har, saiatzen gara Udalaren jarduna eredugarri izan dadin. Bide horretan, euskaraz jarduten dugu bai eguneroko lanean baita kanpora begirako komunikazioan ere".
Baina asko dagoela egiteko ere badio: "Euskararen ezagutza unibertsalizatu eta erabilera esparru guztietara zabaltzea, alegia. Estrategikoak diren hain-bat esparrutan lan handia dago egiteko, baina erabaki ausartak hartu eta politika sendoak egi-teko. Bi adibide jartze aldera, arlo sozioekonomikoa –industria, ostalaritza turismoa...– eta ingurune digitala euskalduntzea euskararen biziberritzerako ezinbestekoa dela uste dut".
Ohitura aldaketek erabileran eragina izan dutela adierazi du: "Euskararen kale erabilerak behera egin badu ere, nabarmenagoa da etxeko erabileran izan den jaitsiera. 1991n, %76,4k egi-ten zuten etxean euskaraz; eta 2021ean, %32,9k. Bikoiztu egin da etxean bi hizkuntzak darabiltzatenen kopurua. Lehen hizkuntzan ere aldaketa nabar-mena da: 1991n, %83,6rentzako zen euskara lehen hizkuntza; eta 2021ean, elgetarron %56,9ren-tzako soilik da euskara lehen hizkuntza. Euskaldunen profil eta ohitura aldaketa hauek euskararen kale erabileran eragin nabarmena dutela uste dugu, eta etxeetan euskararen presentzia indartzea, pantailak euskaratzea, ezinbestekoa dela".
Arreta, norbanakoan
Goibeko elkarteko Ainara Iribar presidenteak azaldu du hamar lagunetik sei ere ez direla entzuten euskaraz Elgetako kaleetan. "Erabilera jaitsi egin da eta horrek non duen muga ez da ikusten. Arnasgunea ez da hain arnasgune osasuntsua. Arrazoiak arrazoi, hori da egoera. Goibekotik interesatzen zaigu bakoitzak jartzea horren arrazoiak, baina ez besteei begira, norberari begira baizik. Norbanakook norbanakoari begira, elkarteek elkarteetara eta erakundeek erakundeetara begira. Denok dugu zeregina, bakoitzak bere mailan". Gaineratu du neurriak berandu baino lehen hartu behar direla: "Elkartean ez dugu baliabiderik horretarako, baina egin genezakeen apurra egingo da bazkideekin batera: koko-batzea gune euskaldun eta gaztea izatea, udazken jaia, euskaltzaleena, hedabide euskaldunak bultzatu, Korrika, Euskaraldia... Inork gogorik balu, badaki non jo atea. Politika publikoak ere beharko dira, galera hauek min handiagoa egin ez dezaten. Inbertsioa behar da kulturan, aisialdian, hedabideetan, lan munduan... Eta gure herri txikiak denerako ere ez du emango, baina daudenei eutsi eta modu euskaltzalean jardun beharko dugu".
Emakumeen presentzia positiboa dela ere nabarmendu du: "Ema-kumeek plaza hartu ahala joango da hobeto euskara. Eta ez euskara bakarrik, emakumeek aipatutako gune guztietan presentzia izatea positiboa baino ezin da izan.
Bestetik, haurren euskararen erabilera zergatik jaisten den asmatu beharra dagoela ere badio: "Datuek diote etxeko erabileran egiten dela behera. Datuak datu, huts izan ez daitezen jarri behar zaie testuingurua. Hala ere, ez genuke alarmismoan jausi nahi. Badu-gu aukera datuok beherago joan ez daitezen lan egiteko".