Jendetsua izan da Elgetan energia komunitatea sortzeko lehen batzarra

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko urr. 7a, 12:44

60 bat lagun elkartu dira udal ordezkarien eta Goienerreko kideen proposamen entzuter. Hilaren 19rako iragarri dute bigarren informazio batzarra.

Elgetarrek mahai gainean dute energia komunitate bat sortzeko proposamena. Eguaztenean egindako lehen informazio batzarrean 60 bat herritar elkartu ziren, eta adi entzun zituzten udal ordezkariek zein Goiener kooperatibako Oier Etxebarriak emandako azalpenak. Batzarrean ziren, baita ere, D2030eko energia esku-hartzearen koordinatzaile Aritz Ameztegi eta proiektuak aurrera eginez gero batzarrak dinamizatuko dituen Emun aholkularitzako Ihabar Arriaran.

Energia sorkuntzan, kontsumoan zein autokontsumoan ahalduntzeko egitasmo moduan aurkeztu zuten energia komunitatea. "Lehen proiektu moduan Udalak proposatu du frontoiko teilatuan libre geldituko den espazioan autokontsumo partekatua oinarri izango duen plaka fotovoltaikoen instalazio bat egitea. Elgetarrek erabakiko dute proiektu horrek aurrera egingo duen edo ez, baina ulertu behar da komunitatea ez dela horretara mugatuko", azaldu du Goienerreko Oier Etxebarriak. "Sortzen bada, komunitateak bultzatuko ditu interesekoak iruditzen zaizkion hainbat proiektu –efizientzia, birgaitzeak, biomasa, ura, haizea, kargatzeko puntuak, auto partekatuak, fakturen duintzea...–. Kontua da gaian ahalduntzea eta urratsak egitea".

Ingurumen zinegotzi Ibai Larrañagak azaldu du etorriko direla batzar gehiago. "Energia komunitatea sortzeko prozesuak denbora bat emango du, eta herritarren inplikazioa ezinbestekoa izango da". Hurrengo batzarra hilaren 19an izango da. Bien bitartean, info@ebkelgeta.eus helbidea jarri dute eskuragarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak