2019an egin zuten azkenekoz Ordiziako garagardo feria, eta orduan ere txapeldun izendatu zuten Barrainkua eta Irazabalek aurkeztutako edaria. Balentria errepikatu nahian, aurtengoan garagardo desberdina eraman dute, baita aukeraketarekin asmatu ere. Hamahiru garagardo artisauk hartu dute parte sariketan, eta bost finalisten artean elgetarrak izan dira txapeldun.
Arrakastaren sekretuaz galdetuta, Irazabalek aipatu du "mimo eta pasio puntu batekin eta exijentzia maila altuarekin" elaboratzen dituztela edariak: "Espektatiba altuak jartzen dizkiogu gure buruari; halako sariekin ikusten dugu hel gaitezkeela bilatzen dugun maila horretara. Merkatuan errazago kokatzen ere laguntzen digu".
Datorren astean, Osintxun
Udazkenean Bartzelonako Feri de Poblenou lehiaketan parte hartzeko asmoa erakutsi dute ekoizleek. Baina euren garagardoak dastatzeko modua izango dute debagoiendarrek datorren zapatuan bertan, Osintxun, Bergarako auzoen arteko jaialdiaren baitan.
Ekitaldi hori azoka bat izango da, "Ordiziakoa bezala, sektoreari bultzada emateko hitzordu aproposa". Horri lotuta, faltan sumatzen dute Goierrin garagardo feriak egiteko duten ohitura hain errotuta ez egotea bailara honetan: "Gustatuko litzaiguke Debagoiena mailako artisau garagardo azoka antolatzea, Ordiziakoa eredu bezala hartuta".