Pozik itzuli dira Bartzelonatik Mikel Irazabal eta Maite Barrainkua. Baobeer Garagardo Artisauak egitasmoko arduradunek domina bat jaso dute Bartzelonan egin berri duten Barcelona Beer Challenge lehiaketan. "Europa mailako txapelketa da, eta garagardo asko aurkezten dituzte bertara. Oso zaila iruditzen zitzaigun saririk jasotzea. Sorpresa atsegina izan da", azaldu dute.
Gaineratu dute urtean zehar antolatzen diren bi lehiaketa nagusietako bat dela Barcelona Beer Challenge. "Seigarren edizioa izan da aurtengoa, eta 1.167 garagardo aurkeztu dira. 60 kategoriatan eman dituzte sariak".
Gogotsu lanean
Maiatzaren 28an egin zuten sari banaketa Bartzelonan, eta Tafarit garagardoak zilarrezko domina jaso zuen. "IPA klasikoaren eta gaur egungo bertsio modernoagoen arteko nahasketa izanik, American Strong Ale kategorian izan da saritua", azaldu dute sortzaileek. Aurretik ere hainbat sari jaso izan dituzte.
Hain zuzen, bigarren aldia da Europa mailako lehiaketa horretan saritzen dituztela. Urteko beste hitzordu garrantzitsua Poblenouko (Bartzelona) garagardo lehiaketa da. Espainia mailako lehiaketa da hori, eta hiru ekitalditan lau sari ekarri izan dituzte Elgetara Barrainkuak eta Irazabalek. "Oso pozik gaude, sariak jasotzen jarraitzen baitugu, gero eta zailagoa izan arren", esan dute.