Elgetako hainbat kolektibo kezkatuta daude Kutxabankeko bulegoaren itxierarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mai. 13a, 16:30

Koronabirusak eragindako egoera pasatutakoan itxiko du Elgetako bulegoa Kutxabankek, eta argitu dute kanpoko kutxazaina dela mantenduko dutena. Erabiltzaileen ustez, erabaki ulergaitza da. Xalbadorpe erretiratuen elkarteak sinadura bilketa abiarazi du.

Hautsak harrotu ditu Elgetan Kutxabankek hartutako erabakiak. Aurrez aurreko zerbitzua ematen duen banketxe bulego bakarra dago herrian, eta alkateak, merkatariek, erretiratuek eta ohiko erabiltzaileek zerbitzu murrizketa itzela izango dela adierazi dute.

Kutxabank erakundeko ordezkari Endika Ruizek adierazi du barruko bulego osoa itxiko dutela, eta kanpoko aldean dagoen kutxazaina dela geldituko dena. Zehazteke dago noiz gauzatuko duten erabakia. "Koronabirusak eragindako egoera pasatutakoan", esan du. Hala, aurrez aurreko bulego zerbitzua eta barruko makinak kenduko dituzte. "Elgetako bulegoan arreta ematen zuen langileak jarraituko du Elgetako bezeroei zerbitzua ematen, baina Bergarako bulegotik izango da", gaineratu du Kutxabankeko ordezkariak.

Ruizek azaldu du elgetarrek gero eta gutxiago erabiltzen dutela bulegoa. "Gestioak, gero eta gehiago, Internet bidez egiten dira, eta bezero gehienak ez dira bulegotik pasa ere egiten". Adierazi du baita ere banketxe guztien joera dela, gaur egun, aurrez aurreko zerbitzua emateko bulego handien aldeko apustua egitea. "Gogorarazi nahi dut Kutxabank izan dela azken urteotan Elgetan bulegoa eduki duen erakunde bakarra, eta Kutxabank izango dela aurrerantzean ere kutxazain zerbitzua eskainiko duen bakarra".

Xalbadorpe elkarteak, gutuna

Bezero askoren ustez erabaki onartezina da. Uste dute gestio asko etxetik egin daitezkeela, "baina guztiak ez, eta guztiek ere ez". Xalbadorpe erretiratuen elkartetik Kutxabank erakundeari zuzendutako idatzi bat prestatu dute –osorik irakurgai albiste honen amaieran–. Bertan, erabakia berraztertzeko eskaera egiten dute. Horrekin batera sinadura bilketa ere abiarazi dute. Itxiera adinekoendako autonomia galera handia izango dela aurreikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak