EAJ Kutxabank bulegoaren itxieraren aurka agertu da, eta erdibideko irtenbide bat eskatzen dio erakundeari

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mai. 15a, 20:37
Kutxabank bulegoa, Elgetan.

Bulegoa guztiz itxi beharrean egun batzuetan zabaldu ahal izateko aukera aztertzeko eskatzen diote Kutxabanki. Elgetako EAJren iritziz Kutxabankek ez lioke errentagarritasun ekonomikoari bakarrik begiratu beharko.

Elgetako EAJko ordezkariak Kutxabank bulegoaren itxieraren aurka azaldu dira, eta elgetarrek oinarrizko zerbitzua gal ez dezaten erdibideko irtenbide bat aztertzeko eskaera egin diote erakundeari. "EAJ-PNVk era bat gaitzesten du Kutxabankek Elgetako bulegoa ixteko hartu duen erabakia, eta eskaera egiten dio ahalegina egin dezala erdibideko irtenbide bat aztertu dezan egun batzuetan zabaldu ahal izateko bertakoen gorabeherei eta beharrei erantzuteko".

Jeltzaleen iritziz bereziki zaindu behar dira Elgeta bezalako herri txikiak. "Ez dago beste banku zerbitzurik, eta urte askotan elgetarrek gertukoa eta konfiantzazkoa izan dute Kutxa. Erakunde honek balio erantsia duen zerbitzua eman beharko luke kontuan izanik, batez ere, herrian zerbitzu gutxi daudela eta zenbait jende ez dela konpontzen banku tramiteak egitera beste herrietara joateko".

Jeltzaleek azpimarratu dute asko direla banku zerbitzua behar duten elgetarrak, "batez ere telematikoki edo kutxazain bidez konpontzen ez direnak: erretiratuak, mugikortasun arazoak dituztenak edo bakarrik bizi direnak eta laguntzarik ez dutenak beste herrietara joateko". Merkatariendako, tabernariendako eta zenbait enpresarendako ere beharrezko zerbitzua dela adierazi dute.

Jeltzaleen udal taldeak jakinarazi du mozio bat aurkeztuko dutela udaleko osoko bilkuran Kutxabank erakundeari elkarlanean irtenbide bat bilatzeko eskaera egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak