Elgetan ere kezka sortu du Zaldibarko zabortegiko hondamendiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ots. 11a, 16:11

Elgetako Egoetxeaga auzoarekin muga egiten du eguenean luizi handia izan zuen Zaldibarko Verter Recycling zabortegiak. Egoarbitza baserritik ondo ikusten dira luiziak eragindako kalteak. Azken orduotan, gainera, sua piztu da zabortegian eta ondo nabaria da darion kea.

Zaldibarko Eitzaga auzoak Elgetako Aixola auzoarekin ere egiten du muga. 

Eusko Jaurlaritzak bilera batera deitu zituen atzo Zaldibarko, Eibarko eta Ermuko alkateak, eta Elgetako alkate Iraitz Lazkanok ez du ulertzen zergatik ez zen Elgetako ordezkaririk gonbidatu batzar horretara. "Iñigo Urkullu lehendakariak Zaldibar, Eibar eta Ermuako Udalak gonbidatu ditu Eitzagako zabortegiaren inguruko bilera batera. Bazen ordua, baina ez dugu ulertzen Elgetako Udala zergatik ez dagoen deialdi horretan", adierazi du sare sozialetan. "Deialdiaren berri izan orduko eskatu dugu Elgetako Udalak bilera horretan parte hartzea, mugakide baikara. Ez dugu erantzunik izan".

Lazkanok gogorarazi du Elgeta zabortegitik lau kilometrora dagoela. "500 metrora bizi dira hainbat elgetar (…) Ipar haizeak joz gero, zer arnastuko dugu?". Hain zuzen ere, konponbideak eskatzeko atzo Eibarren egindako elkarretaratzean izan ziren Elgetako hainbat udal ordezkari.

Ur eta aire analisiak

Osasun Publikoaren Zuzendaritzatik jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailarekin batera ari direla uraren eta airearen kalitatearen jarraipena egiten. Osasun Sailetik esan dute Zaldibarko, Eibarko eta Ermuko herritarrek "segurtasun osoz" edan dezaketela ura, eta ez dela amiantorik antzeman.

Azken orduko albistea da, ordea, Zaldibarko Udalak Eitzaga auzoko hainbat baserritako bizilagunei eskatu diela txorrotatik urik ez edateko ur hori ez datorrelako kontrolatutako guneetatik.

Airearen kalitateari dagokionez, Jaurlaritzak esan du egunero bi laginketa jasoko dituela. Gaineratu du orain arteko neurketek negatibo eman dutela amiantoan, eta laginen konposizioa azken urteotan erregistratutakoen "oso antzekoa" dela. Usaimen arazoak sor daitezkeela esan dute, hain zuzen ere konposatu horien nahasteak eraginda.

Airearen kalitatearekin lotuta gas isurien tratamenduan aditua den espezialista herbeheretar bat da etortzekoa ondorengo orduetan.

Bilaketa lanak geldirik

Gogoratu behar da zabortegiko bi langile lur azpian daudela oraindik, eta haiek aurkitzeko lanek geldirik jarraitzen dutela atzotik. Segurtasun sailetik esan dute magala egonkortu arte ezingo dela hondeatze-makinarik sartu.

Lanak martxan dira zabortegiaren beheko aldean, autobidearen ondoan. Sei metroko horma eraikitzen ari dira.

Eusko Jaurlaritzak astebeteko epea eman dio Verter Recycling enpresari jarduera plan bat aurkezteko, eta epaile batek eginbideak abiatu ditu enpresaren aurka.

Erlazionatuak

Zaldibarko zabortegia Egoetxeagatik eta Eitzagatik

Larraitz Zeberio Lekuona 2020 ots 11 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak