Martxan da Elgetako kontsumo taldea, eta lehen banaketa eguna urtarrilaren 13a izango da

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko abe. 17a, 08:30

Hamalau lagunek eman dute izena, eta behin taldea sortuta eguenean elkartuko dira taldearen funtzionamendua adosteko.

Martxan da Elgetako kontsumo taldea. Hainbat saiakera egin izan dira aurretik ere, baina oraingoan bai sortu da gertuko produktu ekologikoak kontsumitzeko aukera emago duen taldea.

Orain bi aste egin zuten Elgetan egitasmoaren berri emateko batzar irekia eta epe horretan hamalau lagunek eman dute izena. Eguenean sortu zuten taldea, eta aste honetako eguenean elkartuko dira berriz taldearen funtzionamendua adosteko.

Bergarako Ziarreta baserriko Iñigo Gabilondok egingo ditu ekoizle lanak. Salbador kaleko buztin gela eskaini du Udalak banaketa egiteko. 

Bezeroek domeketan jasoko dute baserritarrak eskaintzeko dituen produktuen zerrenda whatsapp bidez, eta nork bere eskaera egiteko aukera izango du; izan ere, ez dira saski itxiak izango.

Astean gutxienez bost produktu eskatzeko konpromisoa hartu dute bezeroek, eta horrekin batera banaketarako Udalak lagatako lokala txukun mantentzea.

Udalak Deba Garaia Landa Garapen elkartearekin batera bultzatutako egitasmoa da. Pozik dira. Taldea hamalau kiderekin abiaraziko da, eta egindako aurreikuspenak gainditzen ditu horrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak