Telefonica operadoreak uda osterako iragarri du zuntz optikoa, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko uzt. 27a, 10:01

Lanak amaitzear dituztela eta egungo hamar megako konexioa gutxienez ehun megakoa izango dela esan dute. Txanponaren beste aldean, Goiena ez dela Movistarren telebista eskaintzan sartzen.

Telefonicak badihardu lanean eta zonako arduradunek jakinarazi dute amaitzear dituztela egokitzapen lanak. Zuntz optikoa sartu dute herriko kaleetan eta kaxa nagusiak instalatu dituzte erdiguneko etxebizitza atarietan.

Adierazi dute gauzak ondo bidean herritarrek hilabete barru izango dutela zerbitzu berria kontratatzeko aukera. "Gaur egun, 10-20 bat megako abiadura dago Elgetan, eta, zuntz optikoarekin gutxienez, 100 megakoa izatera helduko da", azaldu dute. Industrialdean 300 megako gutxieneko konexioa emateko konpromisoa hartu du Telefonicak.

Zuntz optikoa 2016ko ekainean heldu zen herrira Eusko Jaurlaritzaren ekimenez; izan ere, eskumenekoak dituen herri eskolara, osasun etxera eta KZgunera ekarri zuen. Telefonicaren egitekoa izan da zerbitzua industrialdera zein erdiguneko eraikinetara zabaltzea, eta, horretarako, hainbat erakunderen diru laguntzak jaso ditu.

Lanak amaitzerakoan, Telefonica jarriko da elgetarrekin harremanetan eskaintzaren berri emateko eta bezeroak egiteko.

---

Oihane Agirre: "Ezingo da Goiena ikusi Movistarren telebista eskaintzarekin"

Zuntz optikoaren hedapenak aldaketa nabarmenak ekarriko ditu Elgetara. Goienako ikus-entzunezkoen arduradun Oihane Agirrek ohartarazten dute Movistarren eskaintzak ez dituela tokiko telebistak aintzat hartzen.

Zein da Movistarren kable bidezko telebista eskaintzan Goiena ez sartzearen arrazoia?

Elgetarrei Goienatik jakinarazi nahi diegu Movistarreko telebistako eskaintzaren bitartez ezin izango dutela Goiena ikusi. Goiena jarri zen harremanetan Movistarrekin, egiten duten telebista eskaintza horretan Goiena ere sartzeko, baina erantzuna ezezkoa izan da. Ematen duten arrazoia da Espainiako Estatuko tokiko telebista bat bera ere ez dutela eskaintzan sartzen.

Horrek zer esan nahi du? Aurrerantzean ezingo da Elgetan Goiena ikusi?

Kable bidezko telebista eskaintzan, behintzat, ez. Orain arte bezala LTD edo antena bidez ikusi ahal izango da, noski. Seinalea nondik jaso nahi dugun esan beharko diogu, aldiro, telebistari; Movistarreko eskaintza ikusteko kable bidez eta Goiena edo gainerako tokiko telebistak ikusteko LTD bidez. Horrek eskatuko du aldiro iturri modua aldatzea.

Euskaltelen eskaintzan badago Goiena, ezta?

Bai. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Euskaltelek oinarrizko eskaintzan sartzen ditu euskarazko tokiko telebistak; tartean, Goiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak