"Nire aita zortzi edo bederatzi hilabete bakarrik bizi izan zen Mauthausenen. Askok ez zuten gehiago iraun", gogoratu du Tomas Rebollo Olivartek gaur Elgetan, Holokaustoaren biktima izan zen Tomas Rebollo Etxanizen semeak. Bi seme lagun hartuta etorri da hori Bartzelonatik lehenengoz Elgetara, aitaren jaioterrira, eta hunkituta bizi izan du ekitaldia: "Amarekin akordatu naiz. Harro egongo litzateke aitari halako omenaldia egin diotela jakinda". Memoria Historikoaren Legea aurrera eroateko aurrekonturik ez dagoela salatu du, eta herri txikietan egiten dabiltzan lanari esker, Elgeta adibide, dabiltzala kontu asko gogora ekartzen.
Noche y Niebla dokumentala eman dute gero udaletxean, eta elkartutakoekin kontu kontari jardun du Rebollok. "Ikasleengana ere sarri joaten gara Holokaustoaren berri ematera. Eta hemen ere halaxe egingo dugu".
Udalaren adierazpen instituzionala
Iraitz Lazkano alkateak bere aldetik Udalak onartutako adierazpen instituzionala irakurri du: "Gertakizun haietatik 75 urte inguruk aldentzen gaituzte, baina politika faxista, arrazista, klasista, xenofobo eta baztertzaile haietatik ez gaituzte hainbeste urte aldentzen. Are gutxiago, gaur egun hainbat bider errepikatzen edo elikatzen edo justifikatzen diren kasuei erreparatuz gero. Batzuk oraindik sarraski haiek ukatzen ari dira edo txikiagotzen…". Gaineratu du espainiar estatuko administrazio eta gobernuek sekula ez dituztela Holokaustoaren biktimak defendatu eta gertatutakoa salatu. "Holokaustoaren Nazioarteko Egun honetan nazien aurka borrokatu zuten guztiak omentzea nahi ditugu, 200 borrokalari euskaldun. Horien artean Tomas Rebollo Etxaniz eta Pascual Askasibar Iriondo. Bego gure oroimen eta begirune handiena haientzat. Faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko borroka Euskal Herriko Memoria Historikoaren atal garrantzitsu bat izango da beti".
Ekitaldia borobildu dute Ane Zuazubiskar bertsolari arrasatearraren bertso batekin eta Janire Lazkanok egindako agurrarekin. La Ilusion elkarteko eta Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak izan dira Udal ordezkariekin eta herritarrekin batera eta guztiek krabelin bana utzi dute plazan jarritako bi plaken alboan.