Kokatuta dago dagoeneko Tomas Rebolloren omenezko plaka Elgetako Mendizaleen plazan, eta iritsi bezain pronto kokatuko du Udalak Pascual Askasibarren omenezkoa. Bihar egingo dute omenaldi ekitaldia. Bi elgetarrak nazien kontzentrazio eremuetara eramanak izan ziren, eta ez ziren bertatik bizirik irten. Austrian, Mauthausenen, hil zuten Tomas Rebollo, eta Alemanian, Wöbbelinen, Pascual Askasibar.
Tomas Rebolloren semea Elgetan izango da bihar. Ibilbide luzea egindakoa da holokaustoko biktimen aldeko elkarteetan. Omenaldi ekitaldiaren ostean hark proposatutako Noche y Niebla dokumentala emango dute Elgetako udaletxean eta gaiaren inguruko hitzaldi labur bat egingo du.
Bihar, 18:00etan emango diote hasiera plazako ekitaldiari. Aurreskua eta lore eskaintza egingo dituzte. Dokumentala eta Tomas Rebolloren hitzaldia 19:00etan izango dira. Aurretik ere martxan dagoen memoria historikoaren lanketaren barruan kokatzen du Elgetako Udalak biharko ekitaldia.
Oroitarriak Europa osoan zehar
Bi oroitarri inauguratuko dituzte bihar Elgetan, baina 60.000 inguru daude Europa osoan. Errenteriako La Ilusion taldeak dihardu ekimen horretan, Gipuzkoan. "Gure lan ildoetako bat da holokaustoko biktima gipuzkoarrekin zer gertatu zen argitzea", azaldu du taldeko idazkari Florentino Mariñelarenak. "Berlin oroitarriz josita dago. Han judu ugari izan ziren holokaustoko biktima".
La Ilusion taldeak bultzatuta 2012an ipini zuten holokaustoko biktima baten aldeko lehenengo oroitarria Gipuzkoan. Errenterian izan zen. Ordutik beste hamar ipini dituzte. "Zarautzen, Villabonan, Lezon, Andoainen, Hernanin... Hendaian ere ipini dugu", azaldu du Mariñelarenak.
Kontzentrazio-eremuetan egondako pertsonekin hitz egiteko aukera izan dute elkartekoek. Mauthausenen, Vienan, Pragan eta Alemanian ere izan dira dokumentazio eske. Gipuzkoako biktima bakoitzaren omenez oroitarri bat ipini gura dute.
La Ilusion taldeko kideak Elgetako ekitaldian izango dira bihar. Bazuten Tomas Rebolloren berri eta prest zuten haren omenezko oroitarria. Pascual Askasibarren kasua orain gutxi ezagutu dute.
Eskura dauden datuen arabera hiru dira holokaustoak eragindako biktima debagoiendarrak. Tomas Rebollo eta Pascual Askasibar elgetarrak eta Pedro Joxe Axpe bergararra. Hiru biktima horiek abiapuntu hartuta gaiaren inguruko erreportaje zabala landu du Goienak bihar kaleratuko den PUNTUA aldizkarian.