Elgetako ur saneamendu lanak amaitu barik daude. Falta da Sesto errekatik Bergarako San Juan auzoan dagoen kolektorera arteko kanalizazioa egitea eta ardura hori Eusko Jaurlaritzaren Ura Agentziarena da. Udaletxean kezka sortu du jakiteak lan horiek ez direla 2021. urtera arte egingo, eta hori aurrekontuaren arabera. "Hainbat erakunde akordio batera iritsi ziren 2007an, baina Elgetako Udalaren esanetan Ura Agentziak ez ditu egokitu zitzaizkion lan guztiak egin. "Egoera horretan gaude Gipuzkoako zazpi herri", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak. "Elgetaren kasua bereziki mingarria da ur fekalak eta industrialak, teorikoki, Sesto errekara isurtzen direlako. Erreka hori, gero, beste batzuekin elkartzen da. Ingurugiroa kaltetzeaz gain errekaren biodibertsitatea ere kaltetuta dago".
Lanak lehenbailehen egiteko eskatu dio Udalak Ura Agentziari. "2021 epe oso luzea da. 2021, gainera, gutxienera jota! Ziurrenik 2021a pasako da saneamendu lanak egin orduko". Lazkanok azaldu du jarraipena egingo diotela gaiari: "Hirutan izan gara Ura Agentziarekin harremanetan. Eskatu diegu lanak lehenbailehen egiteko edo gutxienez noizko aurreikusten dituzten esateko. Gipuzkoako Urak Partzuergoan ere bagaude, eta gure ondoeza agertu dugu kezka berdina duten gainerako udal ordezkariekin batera. Ahalegin horretan jarraituko dugu".
Ura Agentziaren erantzuna
Ura Agentziatik adierazi dute Elgetan hainbat proiektu daudela aurreikusita urak Mekolaldeko HUAra bideratzeko. "Egia da oraingoz lan horiek egiteko aurreikuspenak epe luzera direla (...) Finantzaketa bi epetan zehaztuta dago: 2016-2021 eta 2022-2027 . Beraz, aurreikuspenen arabera, 2021ra begiratu beharko genuke Elgetako lanak gauzatzeko, betiere aurrekontuaren arabera".