Kezka zabaldu da Elgetan jaietako zapatutik domekara bitartean herriko hainbat gunetan agertutako pintada iraingarriengatik. Mezu arrazistako eta xenofoboko pintadak izan dira, pintura beltzarekin egindakoak. Agertu dira ohe elastikoen arduradunaren furgonetan, elizpean eta Bolatokiko kanpoko horman.
Udalak gogor kritikatu ditu pintadak duten eduki arrazistagatik. "Udalak gogor salatu nahi du pintada hauen edukia, eta oso larritzat jotzen du gaur egungo gizartean eta jai giroan era honetako diskurtsoek presentzia izatea", jakinarazi dute.
Herrian hasita daude pintada horiek ezabatzen. Nork egin dituen argitzea, ordea, zaila izango da eta furgonetako jabeak nahiago izan du salaketarik ez ipintzea.
Herritarrak, dena den, haserre eta kezkatuta daude. Horren adibide biharko, barikua, deituta dagoen elkarretaratzea. Gertatutakoarekin arduratuta dagoen herritar talde batek deitu du 19:00etarako, herriko plazan. Gonbidatzen dituzte elgetarrak eraso eta portaera xenofoboak publikoki salatzera.
Udaletxetik jakinarazi dute udal ordezkariak elkarretaratzean izango direla: "Elgetako Udaleko ordezkariok ere, pintada arrazistak salatzeko kontzentrazioan izango gara. Bihar 19:00etan plazan!"