Gudari eta milizianoez gain, beste omendu batzuk ere izan dira ekitaldian: errepresioa jasan zuten lau zibilen senideak eta baita alderdi politiko zein sindikatu historikoen ordezkariak ere.
Ekitaldi hunkigarria
Intxortako borrokaldien errekreazioan parte hartu duten eta garaipena eskuratu duten gudariak, omenduen aurrean jarrita eman diote hasiera ekitaldiari. Txalo artean jaso dituzte herriko plazan errekreazioan parte hartu duten gudariak, eta ondoren, bertsoen txanda iritsi da. Bertan memoria historikoa berreskuratzeak daukan garrantzia azpimarratu dute bertsoen bitartez eta poesia bat ere irakurri da. Horren ostean, omenaldia jaso dutenak izan dira protagonista.
Banan-banan banatu dizkiete omenduei Iñigo Arregik egindako eskulturak, eta pozik jaso dituzte. Omenduetako gudari batzuk euren eserlekuetatik altxatu ere egin dira eskultura jasotzerako orduan eta ikus-entzuleek txalo zaparradekin erantzun diete. Omenduak hunkituta egon dira eta baita euren familia artekoak eta herritarrak ere. Negar malkoren bat erori zaionik ere izan da herriko plazan.
Garai latz horiei buruz hitz egiteko ere aprobetxatu dute momentua omendu batzuek, eta gudari izandako aitaita hilda daukaten beste batzuk, berriz, han zueden gudarien eta milizianoen artean, euren aitaitaren batailoiko norbait ezagutzeko gogoz joan dira. Momentu historikoa bizi ahal izan da Elgetan.