Abenduaren 1erako martxan nahi du hondakinak batzeko sistema berria Elgetako Udalak

Hasita daude kuboen banaketarekin enpresetan eta komertzioetan; martitzenean hasiko dira etxez etxekoarekin.

Mankomunitatea eta Udala hasita daude Elgetako enpresetan eta komertzioetan kubo berriak banatzen. Gaur goizean, esaterako, enpresa batean baino gehiagotan izan dira edukiontzi berrien banaketa egiten.

Udaletik jakitera eman dutenez martitzenean hasiko dute etxez etxeko banaketa. Ekarpen-guneka eta kaleka antolatu dute. "Bizilagunak udaletxera etorri beharko dute kuboak —bat organikoarendako eta bat errefuxarendako—, txipa duten txartela eta sailkapena nola egin azalpen orokorrak ematen dituen eskuorria jasotzera", azaldu du Oxel Erostarbe alkateak.

Ekainean egin zuten Elgetan hondakinak batzeko sistemaren inguruko herri galdeketa. Arduradunek adierazi dutenez zortzi ekarpen-guneak prest daude. Txiparekin zabalduko diren edukiontzi grisak eta marroiak falta dira, eta noski edukiontzi berdeak kentzea. "Orain tokatzen dena da gauzak behar den moduan egiten hastea, ohiturak aldatzea eta etxetik gune horietara hondakinak sailkatuta eramatea. Uste dut sistema berriaren ondorioz Elgetan ere lortuko ditugula sailkapen portzentaia handiak, eta espero dezagun bere egunean erabaki genuen helburu hori betetzea".

Helburua da sistema berriarekin Elgetarrek hondakinen %70-80 sailkatzea. Mankomunitateak abenduaren 1erako ekarriko ditu txiparekin zabaltzen diren edukiontzi berriak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.