Hondakinak biltzeko sistema berria ate joka dute Elgetan. Aurreko astean hasi zen informatzaile lanetan Ane Ibarguren bergararra. Herriko merkatariekin eta enpresariekin elkartu da egunotan hondakinen bilketa non eta nola egin behar duten azaltzeko eta zalantzak argitzeko.
Udaletik jakitera eman dutenez martxan nahiko lukete bilketa sistema berria urri amaierarako. Hala, laster egingo dute edukiontzi marroia eta grisa zabaltzeko txipen banaketa herritarren artean. Baita etxebizitza bakoitzeko kubo biren —marroia eta berdea— banaketa ere.
Ekarpen-guneak egokitzen
Asteon erretiratuko dituzte herriko ekarpen-guneetatik edukiontzi berdeak. Berriak hurrengo asteotan ekarriko dituzte.
Azkenean bi edukiontzi izango dira txiparekin —marroia eta grisa—. Horiak, azkenean, ez du txipik izango. "Ikusita Bergaran ontzi arinen edukiontziak ez duela txipik eta emaitzak onak direla, Mankomunitateko teknikoek gomendatu digute edukiontzi horiari txipik ez ipintzea, eta udaletxeko talde guztiok eman dugu ontzat proposamena".
Erabiltzaileei gauzak erraztuko dien aldaketa dela esan du Erostarbek. Hala ere helburua zein den ekarri du gogora: "Hondakinen %39,9 sailkatzen dugu egun. Helburua da %70-80ra iristea".