Galdera zehatz bati eman behar izan diote baiezkoa edo ezezkoa elgetarrek: "Udaletxean adostu den hondakinak biltzeko sistemarekin ados zaude?". Hala, botoa eman zezaketen 926 herritarretatik 497k eman dute botoa (%53,5ak) prozesu guztian. Udalbatzak proposatutako sistemaren alde 431 herritarrek egin dute eta ezezko botuak 61 izan dira, 3 zuri eta baliogabe bat. Hala, bost edukiontzi ipiniko dituzte Elgetan eta horietatik hiruk kontrolerako txipa izango dute (horiak, organikoarenak eta errefusarenak), akordioak dioenez.
"Kontsulta modu serioan"
Emaitzak izan bezain laster Oxel Erostarbe alkatea pozik agertu zen atzo eta nabarmendu zuen "elgetarrek eskertu" egin dutela "iritzia jaso eta kontsulta modu serioan egin izana". Erostarbek azaltzen duenez "argi geratu da elgetarrek txiparen sistemaren alde egin dutela" eta, era berean, kontuan hartu dela "udalbatzarrean lortu den kontsentsu zabala". Udalak botoa eman zezaketen herenaren parte-hartzea zeukan finkatuta aurrera egiteko baldintza bezala eta horrela, emaitzak ikusita, lotestea izango da kontsulta. Asmoa da uda ostean ezartzea sistema berria eta alkateak iragarri du Mankomunitatearekin hasiko direla orain lanean.
Ohiturak aldatzea, "erronka"
Halaber, Erostarbek argitu du atzokoa "lehen pausu bat besterik ez" dela. Hain zuzen, "erronka", orain, "ohiturak aldatu eta pausuz pausu adostutako ehunekoetara heltzea" dela ohartarazi du. Alkateak berretsi du udaletxetik "behar diren erraztasun guztiak" emango dituztela .