Elgeta kantuan ekimenak kantu liburuxka aurkeztuko du domekan

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko mai. 15a, 20:30

Euskarazko 140 kantutik gora jasotzen ditu, eta lau euroko prezioan ipiniko dute salgai.

Duela bi urte abiatu zen Elgetan kantuan ekimena. Poliki-poliki bere bidea egin du, eta domekarako hitzordu berria deitu dute inguruko kantuzale guztiendako. 13:00etan elkartuko dira herriko plazan eta aurrekoetan moduan asmoa da tabernaz taberna eta kalez kale kantuan aritzea.

Honakoan, ordea, berrikuntza aipagarria aurkeztuko dute Elgeta kantuan ekimeneko bultzatzaileek: euskarazko 140 kantutik gora jasotzen dituen  liburuxka berria. "Orain arte kopiak aterata funtzionatu izan dugu: gustuko kantuak aukeratu, testuak han edo hemen aurkitu eta papera sortarekin ibili izan gara. Egun batean, ordea, gure kantu liburua sortzea erabaki genuen, eta hemen da emaitza", esan du Lorea Larrañaga musika irakasleak.

Askotariko kantuak jaso dituztela azaldu du Larrañagak. "Betiko euskal kantu tradizionalak daude baina baita ere modernoagoak direnak, euskaratutako rantxerak... uste dugu erabilgarria izango zaigula eta gustukoa izango dela publiko zabalarendako ere".  

Prezioa, lau euro

Elgetako Udalak babestu du ekimena, eta Goibeko euskara elkarteak ere parte hartu du. Kantuen aukeraketan, berriz, Lorea Larrañaga eta Jose Antonio Retolaza aritu dira buru-belarri.
Liburua erabilerraza da eta baliagarria euskarazko kantuen bilduma osatua eta eguneratua nahi duen edozeinendako. Domekan ipiniko dute salgai lau euroko prezioan, eta Elgeta kantuan ekimeneko zapia ere oparituko dute liburuarekin batera. 11:30ean abiaraziko dute salmenta plazan bertan. Hortik aurrera, interesa dutenek Julian Markiegiren kioskoan edo Ana Mariren liburu-dendan erosi ahal izango dute. Domekan bertan estreinatuko dute liburuxka. Ohikoa den moduan Jose Gardoki soinu-jolearen konpainian egingo dute tabernaz tabernako ibilbidea.

Eibartik 22 kantuzale

Elgetako kantuzaleek Eibarkoekin abiarazi duten harremana ere sendotuz doa. Domekan, Eibarko 22 kantuzale espero dituzte Elgetan. Eibarko 15 lagun izan ziren asteleheneko entseguan eta elkarlanarekin oso gustura daude alde biak. Domekakoa, dena den, ekimen irekia da. Gonbidapena eginda dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak