Sarrerak, aurrez salgai daude kulturalive.com atarian eta Espaloian 10 eurotan, eta leihatilan 12 eurotan.
Familiaz, opariez, tabernez...
Aurrez egindako Bodologuak lanaren bidetik badoa ere, ez da ezinbestekoa bat ikustea bestea ulertzeko: "Independenteak dira, estilo berdinekoak badira ere" azaldu du Mikel Pagadik.
Aktore bakoitzak berak aukeratutako gaien gainean idatzi tako gidoiarekin jardungo du. "Egoitzek, hirugarren semea izateari buruz eta teknologia berriez zein zaharragoez egingo du, bereziki, berba. Ama den Nagorek, berriz, bere amatasunaren inguruko ikuspuntu dibertigarria erakutsiko du; eta, era berean, ospitalera joaten garenean bizitzen ditugun hainbat gertakizunen kontakizuna ere ekarriko du taularen gainera. Nik neuk, berriz, Euskal Herriko tabernei buruz jardungo dut eta baita oparien gainean ere. Taberna konkretu batetan kokatu baino, azkenaldian sortu diren ohituren gainean jardungo dut, pintxo-poteoak edo tabernetako terrazak berbagai hartuta. Opariekin, berriz, trauma bat dudalakoan nago; izan ere, sarritan pertsona anonimoek (lagun ezkutuak, Perez Saguak...) egiten dizkigute opariak edo gauez etortzen direnek bestela, Olentzero edo Errege Magoak... Era berean, badut zer kontatu jasotzen ditugun erregalu ez hain gustukoen gainean ere. Zaplazteko bat hartzea batzuetan ez ote da hobeto..." dio barrez Pagadik.
Esperientzia pertsonalean oinarritutako kontakizunak taularatuko ditu, beraz, hirukoteak; horiek guztiak, fikzioarekin nahastuta badira ere. Bakoitzak bere uneak ditu baina badira, hirurek elkarrekin egiten dituzten zatiak ere. Ikuslearen erantzunaren arabera moldaketak egingo dituzten arren, ikasitako gidoian apenas inprobisatzen dutela dio Pagadik, batak besteari trabarik ez egite aldera horrela.
Lagunak oholtza gainean
Aktore bakoitzak egin du aurrez bere zatiaren gidoia, ondoren hirurek elkarrekin eman diote monologo itxura txukuna: "txiste edo gag bat gaineratu, honek funtzionatzen du eta besteak ez esanaz.. ". Bi hilabete inguruan idatzi dute gidoia, gero entseatu eta ondoren, Anartz Zuazuak lagundu die espektakuluari forma ematen, besteak beste, taularen gainean jarraitu beharreko argibideak emanez.
Lagunak ere badira, eta elkar ondo ezagutzen dutela diote, hainbat urtetan lan talde berean egon dira-eta: "2004an, kasualitatez Wasemank proiektuan elkartu ginen hirurok. Gu bion irakaslea izan da Nagore. Lanak egiteko buru berezia duen pertsona da eta gure umoreek ederki konektatzen dute, gainera".
Etxeko giro goxoa irudikatuz
Bodologuak lanean gaueko espektakulu itxura eman bazioten ere, oraingoan, etxeko goxotasuna nahi izan dute irudikatu. Horretarako, argi bereziak erabiliko dituzte eta hainbat objektu izango dituzte oholtzan: pertxero bat, izebaren etxeko paper pintatua duen pareta eta aulki batzuk.
'Bodologuak' lanaren bidetik
Nagorek ezik, monologo profesional moduan sekula jardun gabekoak ziren arren, bakarrizketak gustatu eta beste osagai batzuekin Bodologuak egin zuten. 50 emanalditik gora egin zituen hirukoteak urtebetean. Elgetan ere izan ziren, eta etxean moduan daudela diote Espaloian. Gustura daude monologista on asko izan diren taula gainean izango direlako berriz. Deseatzen daude egindako lana erakusteko.