Larunbatetik astelehena bitarte Amaia antzokian eskainiko dute filma, baina, dudarik gabe, domekako saioa (19:30) izango da emanaldi bereziena. Egun horretan, filma ikusteaz gain, Amaia Merino filmaren zuzendarietako batekin solasaldia egongo da. Jendearekin izango duen solasaldiaren aurretik, GOIENAk egindako galderak erantzun ditu.
Filma aste bukaera zehar emango dute, baina zu domekan egongo zara, ezta?
Halaxe da, aste bukaeran zehar hainbat aldiz eskainiko dute, baina solasaldia domeka arratsaldean egingo da. Jendearen galderak erantzuteko orduan, baina, ez naiz bakarrik egongo, filmeko ekoizlea izan den Ainhoa Andraka ere bertan egongo da.
Nolako solasaldia izango da?
Ez dugu formula zehatzik adostu. Jendearen gogoetak, galderak, kezkak... horiek guztiak erantzuten saiatuko gara. Guk, gure aldetik, film batean ikusi ezin diren arloez mintzatuko gara, baina, nire ustez, jendearen galderak garrantzitsuagoak dira. Gu horiek erantzuteko asmoarekin joango gara Arrasatera.
Nola definituko zenuke Asier ETA biok?
Aitor eta Amaia Merino anai-arrebek egindako dokumentala da. Hasiera batean, hemendik kanpo gatazkaren beste ikuspuntu bat erakusteko egin genuen arren, gure sorpresarako, hemen oso harrera ona izaten ari da. Estreinatu zenetik 21.000 pertsonak ikusi dute gure filma, guztiz txundituta gaude.
Filma galderak erantzun edo berriak planteatzeko egin zenuten?
Aitorrek eta biok, euskaldunak izan arren, azken 27 urte hauek kanpoan igaro ditugu, eta beti igarri dugu euskaldun zarela izateak zenbat aurreiritzi dituen. Film hau egitean gure ikuspuntua eta Asierrena islatu nahi izan ditugu. Aldi berean, orain arte estatu mailan euskal gatazkaren inguruan jorratu ez diren arloak azaleratzen saiatu gara.
Hori guztia, gainera, fikziora jo gabe?
Errealitatean oinarritu gara, bai. Anaiak bizitako gertakari eta erlazioa dira filmaren ardatza.
Nolabait esateko, adiskidetasuna da filmaren oinarria.
Bai, baina adiskidetasun hori gatazkaren erdian gertatzen da eta gertakariek kolokan jarriko dute Aitorren eta Asierren arteko erlazioa.