"Klasikoak klasiko dira edozein arotan garaikide izateko ahalmena dutelako eta Erpurutxo horren erakusgarria da". Hala eman du aditzera konpainiako zuzendari Pilar Lopezek. "Baina jendeak ez du ohiko kontakizuna aurkituko domekako emanaldian, klasikoaren bertsio oso pertsonala sortu baitugu. Izan ere, nahiz eta Erpurutxo-ren istorioa kontatu, beste testuinguru batean kokatuta dago obra". Erpurutxo ipuinean, abandonatzeaz egiten da berba, eta Paraisoko kideek gai horri helduko diote, egungo testuinguruan kokatuta.
Eta alderdi poetikoari dagokionez, hunkitu eta gogoeta egitera gonbidatzen ditu ikus-entzuleak gure Erpurutxo obraren bertsio honek".
Familiarentzako ikuskizuna
Adineko aita baten eta seme baten arteko harremana da kontakizuneko ildo nagusia. "Beraien bizitzan zerbait aldatuko da istorioa kokatzen den gau horretan. Aitak semeari garai batean Erpurutxo-ren ipuina kontatzen zion, eta oraingo honetan beraien arteko erlazioari buelta emateko eta guztiz aldatzeko balioko du".
Lopezek aditzera eman duenez, nahiz eta haurrentzako ikuskizuna izan, helduek ere gozatuko dute: "6 urtetik gorakoei zuzendutako obra da, baina jorratzen den gaia dela eta, heldu asko harritu egiten dira gazteei begirako lana delako".
Paraisoko zuzendariak gogora ekarri du haurrei zuzendutako antzezlanen irakurketa berezia egiten dutela gazteek: "Horrek sormen alderdiari dagokionez bestelako aukerak ematen dizkigu, alde sinbolikoa irakurtzeko erraztasuna baitute haurrek. Modu natural batetan barneratzen dira alderdi poetikoan eta baita sentsibilizazio alorrean, eta badirudi helduoi gehixeago kostatzen zaigula".
Lantalde sendoa
Haurrentzako antzerkia hizki larriz idazten den artea dela ekarri du gogora urteetako esperientzia duen antzerki konpainiako zuzendariak.
Eta Erpurutxo aurrera ateratzeko lanean aritu den lantaldea ere esperientzia handiko profesionalez osatuta dagoela gaineratu du Lopezek: "Iñaki Rikart zuzendari bikaina da, maila handikoa; Aitor Fernandino eta Peio Arnaez aktoreek ibilbide profesional oparoa dute; eta Iñaki Salvador konpositore gipuzkoar bikainaren eskutik entzun dezakegu musika".