ALBISTEAK Azaroak 25 (2026)

Kalera atera dituzte indarkeria matxistaren aurkako eskaerak eta aldarriak

Mireia Bikuña Madrid

Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, hainbat elkarretaratze eta mobilizazio egin zituzten Debagoieneko herrietan, azaroaren 25ean.

Mugimendu Feministak deituta, Ez ginen atzera egiteko jaio lelopean bildu ziren Arrasaten.  Eguraldiari aurrez eginez hainbat herritar batu ziren Seber Altubeko elkarretaratzean, Faxismoari feminismoa! esateko, eta askotariko aldarriak oihukatzeko. Kezkak ere azaleratu zituzten; bereziki Azaroaren 29ko hauteskundeek ekar dezaketenaren kezka.

Beste herri batzuetan

Atzo arratsaldean Arrasaten egindako elkarretaratzeaz harago, Mugimendu Feministak deituta kalera irten ziren Bergaran ere. Martxanterek eskutik Errekalde jauregiaren atzealdean batu ziren. txalaparta doinuekin, eta mugimendu feministaren bideo batekin egin zieten ongietorria. Ostean, hainbat hitzartze egon ziren.

Oñatin plaza nagusia izan zuten topaleku. Ez ginen atzera egiteko jaio leloa zuen pankartarekin, kalerik kale ibili ziren hainbat herritar, gizon eta emakume.

Aretxabaletan, Herriko Plazan elkartu ziren. Aretxabaletako elkarretaratzearen ostean, Sastraka gaztetxeak sortutako Aurre egingo dizueten emakumeak kantuarekin performancea egin zuten.

Elgetako elkarretaratzean, “garai errazak” ez direla azpimarratu zuten, eta Antzuolakoan esan zuten indarkeria eragiten duena “seinalatu” egin behar dela.

Itaia, Arrasaten

Itaia aldiz,  Emakumeen Antolakunde Sozialista, Indarkeria Matxistaren aurka borrokatu! leloarekin atera zen kalera, eta bailara mailako manifestazioa egin zuen Arrasaten. Indarkeria matxistaren aurka borrokatzen jarraitzeko eta ondo antolatzeko “beharra” dagoela azpimarratu zuten.

Itaiak ere ez zuen ahaztu Azaroaren 29ko hauteskundeen emaitzetatik sortu daitekeen gobernuak hartu ditzakeen neurriak, eta kezkatuta agertu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak