Azaroaren 25a izan da gaur, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko eguna. Egun euritsua izan bada ere, debagoiendarrek ez dute Mugimendu Feministak eta Itaiak urtero deitzen dituzten aldarrietan hutsik egin.
"Atzera pausorik ez"
Ez ginen atzera egiteko jaio; hori izan da Mugimendu Feministak Arrasaten, Bergaran, Oñatin, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Antzuolan, Elgetan eta Aramaion arratsaldean egindako elkarretaratzean kalera atera duen aldarria. Zortzi herrietan, berdina izan da mezua baina Bergaran edo Aretxabaletan esaterako performancea ere egin dute.
Itaiak bere aldetik bailara mailako manifestazioa egin du Arrasateko Herriko Plazan hasi eta Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean, erdiguneko kaleak zeharkatuz. Goizean ere tailerrak, elkarretaratzeak eta manifestazioak izan dira.