Gaur, azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da eta Debagoienean goizetik atera dituzte aldarrikapenak kalera. Itaia eta Ikasle Antolamendu Sozialistak tailerra egin dute 11etan Arrasateko Gaztetxean. Ikamak aldiz, elkarretaratzea egin du 12:00etan Ikasle Borrokaz hezkuntza feminista lelopean.
Debagoieneko deialdi nagusiak iluntzean izango dira. Euskal Herriko Mugimendu Feminstak: Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoari feminismoa! lelopean egingo ditu mobilizazioak. Itaia aldiz, Emakumeen Antolakunde Sozialista, Indarkeria Matxistaren aurka borrokatu! leloarekin aterako da kalera.
Pentsiodunen mobilizazioa
Astelehenero Bergarako Pentsiodunen Batzarrak egindako mobilizazioan emakumeen eskubideak izan zituzten hizpide. Pentsio arrakalarik ez leloa zeraman pankartaren atzean batu ziren manifestazioan parte hartu zutenak.
Pentsioetan ez ezik, bizitzako beste hainbat arlotan ere emakumeek pairatzen dituzten desberdintasunak salatu zituzten eta mahaigaineratu zuten egiteke gauza asko gelditzen direla.
Formakuntza saioa Goienan
GOIENAko Berdintasun taldeak antolatuta, sentsibilizazio eta formakuntza saio berezia egin dute komunikazio taldeko langileek. Debagoieneko Guerreras elkarteko Montse Garcia eta Nuria Jimenez izan dira erredakzioan eta 40 bat lagunen aurrean azaldu dituzte zer den indarkeria matxista, nola adierazten den eta zer nolako zerbitzuak eskaintzen dituzten elkartetik bertara jotzen duten biktimei laguntza emateko. Esan dute emakumeen kontrako indarkeria matxistak geruza asko dituela eta oraindik ere bide luzea dagoela aurretik.