ALBISTEAK

Milaka lagunek bat egin dute greba orokorraren arratsaldeko mobilizazioekin Debagoienean

Oier Zumarraga Aranburu

Arrasaten azken urteetako manifestaziorik jendetsuenetako bat egin dute, eta Bergaran, Oñatin, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Elgetan ere mobilizatu dira herritarrak. Sindikatuek balorazio positiboa egin dute egunak izan duen jarraipen zabalarekin.

Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrak milaka herritar atera ditu kalera azaroaren 11ko arratsaldean Debagoienean. Arrasaten azken urteetako manifestaziorik jendetsuenetako bat egin dute, eta Bergaran, Oñatin, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Elgetan ere izan dira mobilizazioak. Etxebizitzaren garestitzea eta espekulazioa salatu dituzte manifestariek, eta etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak eskatu dituzte. Greba deitu duten sindikatuek, berriz, balorazio positiboa egin dute eguneko lanuzteen jarraipenaz eta herritarren parte hartzeaz.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta espekulazioari aurre egiteko deitu dute greba orokorra. Hiru aldarrikapen nagusi izan ditu deialdiak: espekulazioa debekatzea, espekulatzaileak desjabetzea eta etxebizitza behar sozialen arabera antolatzea.

Arrasate, jendez gainezka

Arratsaldeko 18:00etan abiatu da Arrasateko manifestazioa, Maiatzaren Bata plazatik. Jende ugari elkartu da, eta etxebizitzaren negozioaren aurkako eta langileen borrokaren aldeko aldarriak egin dituzte ibilbidean zehar. Alderdi Sozialistaren egoitzan pankarta bat itsatsi dute, inmobiliarietan pegatinak jarri dituzte eta CaixaBank ere seinalatu dute manifestariek.

Herriko plazan amaitu da manifestazioa, eta plaza txiki geratu da amaierako irakurketa entzutera bildutako jendetza hartzeko. Bertan, etxebizitzaren garestitzea eta espekulazioa salatu dituzte, eta erakunde publikoei ere egotzi diete egoeraren erantzukizuna. Etxebizitza eskubide unibertsala bermatzeko eta espekulazioari zein errentismoari aurre egiteko neurriak eskatu dituzte.

Mobilizazioak beste herrietan

Arrasaten ez ezik, Debagoieneko beste bost herritan ere egin dituzte mobilizazioak. Bergaran, 18:00etan abiatu da manifestazioa Irala kaletik; ordu berean egin dituzte protestak Oñatin eta Eskoriatzan, herriko plazetatik abiatuta.

Aretxabaletan, 18:30ean hasi da manifestazioa, eta Elgetan, ordu berean, elkarretaratzea egin dute plazan. Oñatin eta Aramaion, gainera, bazkariak antolatu dituzte arratsaldeko mobilizazioen aurretik.

Sindikatuek jarraipen "zabala" nabarmendu dute

Greba deitu duten sindikatuek balorazio positiboa egin dute lanuzteen jarraipenaz eta herritarrek mobilizazioetan izandako parte hartzeaz. Etxebizitza Sindikatuko Unai Garciak, LABeko Amets Arexolaleibak eta ELAko Amagoia Unanuek etxebizitza eskubidearen aldeko deialdiak izandako erantzuna nabarmendu dute.

Eguerdian Eibarren egindako manifestazioan 8.000 lagun elkartu dira, Debagoieneko Kontseilu Sozialistaren arabera. Eskualdetik ehunka lagun bertaratu dira, goizeko piketeen ostean. Hego Euskal Herriko goizeko manifestazioetan, guztira, 195.000 pertsona izan dira, grebaren inguruan zabaldutako datuen arabera.

Deitzaileen esanetan, grebak agerian utzi du etxebizitzaren arazoak gizartean sortzen duen kezka. Era berean, "espekulazioaren eta errentismoaren aurka" antolakuntza kolektiboaren bidez jarduteko beharra azpimarratu dute.

Jazarpen poliziaren salaketa

Goizeko piketeetan tentsio uneak izan dira Debagoieneko hainbat herritan eta Eibarren. LABek eta Debagoieneko Kontseilu Sozialistak jazarpen poliziala salatu dute, eta Ertzaintzak goizeko lehen orduetatik izandako presentzia kritikatu dute.

Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, gutxienez bost pertsona identifikatu dituzte Arrasaten, hamar Bergaran eta bat Oñatin. Ertzaintzak, berriz, jakinarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan hamasei pertsona atxilotu, hiru ikertu eta 200 baino gehiago identifikatu dituztela greba orokorraren harira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak