ALBISTEAK

Etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa da Debagoienean

Eki Letona Erretolatza

Alokairu libreko etxebizitzen prezioa %44,50 igo da eskualdean 2016tik 2025era bitartean. Arrasate eta Bergara tentsio handiko eremu izendatu dituzte, eta Oñati izendatzeko prozesuan dago. Etxebizitzaren auzia izango da azaroaren 11ko greba orokorraren aldarrikapen nagusietako bat.

Azaroaren 11ko greba orokorraren arrazoi nagusietako bat etxebizitzaren auzia eta alokairuaren zein salerosketa prezioen gorakada da. Debagoienean ere nabaria da etxebizitza eskuratzeko zailtasuna, bai alokairuaren merkatuan, bai salerosketan. Izan ere, Arrasate eta Bergara tentsio handiko eremu izendatuta daude, eta Oñati ere izendatzeko prozesuan dago. Eremu horietan etxebizitza-eskaria eskaintza baino handiagoa da.

Eskaintza urria eta eskari handia

Alokairuaren merkatuari dagokionez, eskaintza urria eta eskari handia dira prezioen gorakadaren arrazoi nagusietako bi. 2016tik 2025era bitartean, alokairu libreko etxebizitzen prezioa %44,50 igo da Debagoienean. Gaur egun, hileko batez besteko errenta 684,2 eurokoa da. Eskualdean, 1.772 etxebizitza daude alokairuan.

Etxebizitzen jabetzari buruzko datuek ere agerian uzten dute alokairuak duen pisu txikia. Eustaten arabera, Debagoieneko etxebizitzen %85 jabetzakoak dira, eta %12 baino ez daude alokairuan. Egoera horrek zaildu egiten du, bereziki, gazteen emantzipazioa eta etxebizitza eskuratzeko aukera.

Salerosketaren merkatuan ere goranzko joerari eusten diote prezioek. 2026ko datuen arabera, Debagoienean metro koadroaren batez besteko prezioa 2.188 eurokoa da, eta etxebizitza baten batez besteko prezioa, berriz, 180.808 eurokoa. Aurtengo lehen bi hiruhilekoetan, guztira, 137 etxebizitza-salerosketa erregistratu dituzte eskualdean.

Greba orokorra eguaztenean

Testuinguru horretan, etxebizitza duina eta eskuragarria izatea aldarrikatzeko greba orokorra deitu dute datorren eguaztenerako, azaroaren 11rako. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek egin dute deialdia, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera. Etxebizitza eskubidea bermatzea eta espekulazioari aurre egitea dituzte helburu nagusi. Horretarako, lantokiak husteko eta kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak