Gertuko informazioa euskaraz jasotzeko, eskualdeko eskaintza ezagutzeko eta Goienak eskaintzen dituen zerbitzu eta abantaila guztiez gozatzeko tresna praktiko eta erosoa da aplikazioa, eta herritarren azkenaldiko kontsumo ereduetan oinarritu da Goiena, aplikazioa berritzeko orduan; alegia, eduki eta zerbitzu guztiak klik bakarrean izatean. "Hori da berrikuntza honetan kontuan izan duguna: Goienaren albisteak, gida, agenda, Goienakideentzat abantailak, zuzenekoak eta abar, klik bakarrean izatea", adierazi du Goiena Komunikazio Taldeko Internet saileko teknikari Itziar Larrañagak.
Aplikazioaren berritasun nagusia "herritarrek aplikazioa pertsonalizatzeko izango duten aukera" dela dio Larrañagak. Horrekin lotuta, herritarrak gorde ditzake "haren intereseko albisteak, agendako hitzorduak, gidako komertzioak eta beste hainbat atal". Diseinuari dagokionez, "azkartasuna erakusteko lanketa bat" egin dela esan du.
Goienakideak mimatzeko helburua
Edukia eta zerbitzuen eskuragarritasuna ez ezik, Goienakideentzat abantailak ere eskaintzen ditu aplikazioak. Gainera, kideak mimatzeak ere garrantzi handia du Goienarentzat, Goiena Komunikazio Taldeko Marketineko teknikari Lara Garciak azaltzen duenez: "Goiena aplikazioak eskaintzen ditu Goienakideak mimatzera eta eurei erraztasunak ematera bideratutako abantaila gehigarri batzuk: zozketetan parte hartzeko aukera izango dute modu errazago eta azkarrago baten, deskontuak eskuratu ahal izango dituzte tokiko komertzioetan eta Puntua eta Goiena aldizkaria aurretik irakurtzeko aukera dute. Guretzat ezinbestekoa da Goienakideak mimatzea".
Aplikazioa telefonoan deskargatu daiteke Google Play-en eta App Store-en bitartez, eta kontua sortzea besterik ez da beharko erabili ahal izateko. Kontua sortuta dutenek posta elektronikoaren eta pasahitzaren bitartez hasi ahalko dute saioa.