Urriaren 17an, zapatua, izango da Debagoienako bosgarren erreka auzolana. Horren berri emateko, Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean taldeko kide hauek Elorregin elkartu dira: Lander Juaristi Txatxilipurdik, Juan Luis Gozalea, Bergarako Erreka Batzordetik, Asier Aritzabaleta, San Andresko Jai Batzordetik eta Arrasateko Erreka Batzordetik, Aimar Uribesalgo Oñatiko Natur Eskolatik, Laura Perez Aretxabaletatik eta Jone Ojea Elorregitik. Azaldu dutenez, erreka garbitzeaz harago doa ekimena: "Auzolanak erreka gehiago ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, herria egiteko ere balio dezakeela pentsatzen jarraitzen dugu. Auzolanak, elkarrekin helburu berdin bategatik ondoan modu boluntarioan lan egiteak elkar ezagutzeko aukera eskaintzen digu".
Bailaran errotuta
Auzolanak bost edizio besterik ez baditu ere, bailara mailan errotuta dago Debagoienean Errekak Bizi-k antolatutakoa. Iaz esaterako, 300 pertsona baino gehiagok eman zuten izena. Era guztietako hondakinak atera zituzten erreka bertatik nahiz bazterretatik; hala nola, robot xurgagailuak, supermerkatuko orgak, telebista, patineteak edota alfonbraren bat edo beste. Antolatzaileen arabera, bailara mailan egiten den "auzolanik handiena" da honakoa.
Iaz bezala, Debagoieneko herri guztietan antolatuko dute, Antzuolan izan ezik –herriko jaien ondoren egiten baitute bertan–. Guztiek egun berean egiten badute ere, antolatzailek azaldu dute herri bakoitzak bere antolatzeko modua duela, eta, ondorioz, ekimenaren baitako ekintzak ez direla urriaren 17ra bakarrik mugatuko; ekintza horien berri "hilabete honetan zehar" emango dute.
Plakatxoa, erreka non hasten den gogoratzeko
Aurtengo ekimenak gainera, berrikuntza bat ere izango du. Duela bi urteko auzolanean egin bezala, Itsasoa hemen hasten da leloa duten plakatxoak egin dituzte iturri eta estoldetan jartzeko.
Auzolanean parte hartu gura dutenek, Gaurtik, irailaren 22tik dute izen emateko aukera, Debagoienean Errekak Bizik zabaldutako formulategia beteta, edo karteletan dagoen QRa eskaneatuta. "Herrigintzatik gabiltza bultzatzen auzolana azken urteetan, sinesten dugulako eta balioan jarri nahi dugulako egiteko modu hau. Jakin badakigu gai askotan administrazio eta erakunde publikoek dutela ardura eta eragiteko gaitasuna, baina errekak ezagutu eta bizitzeko gaitasuna herritarrona da", gaineratuz amaitu dute.