Elgetan, "borobil" joan zen Sagardo Eguna jarduneko alkate Ikuska Lizarralderen esanetan: "Sagardoaren Egunak herriko kutsu handia dauka. Elgetarrok horrela bizi dugula uste dut. Azkenean, herriko giroa da sortzen dena eta ederra da".
Intxortako Igoera ere jokatu zuten. 12-16 urte bitartekoetan, Auritz Retolaza nagusitu zen 23 minutu eta 37 segundurekin; eta Araitz Ahedo izan zen kategoria horretako emakume azkarrena 30 minutu eta 53 segundurekin. Nagusien lasterketan, Unax Agirre izan zen gizonezko azkarrena 16 minutu eta 40 segundurekin. Emakumezkoetan, berriz, marka hautsi zuen Alazne Lozanok 21 minutu eta 44 segundurekin. "Aitak esan zidan ea parte hartuko nuen, eta animatu nintzen. Denbora begiratu ere ez dut egin. Disfrutatzera eta dena ematera etorri naiz. Sufritu dut, eta bukaeran ikusten nuen jendea animatzen, eta hiru segunduan edo jaitsi dudala eta oso gustura eta pozik", zihoen Lozanok lasterketa amaitu ostean.
Gazte Asanbladak Sagardo Eguneko arratsaldea aprobetxatu zuen gaztetxearen irekiera ofiziala egiteko. Auzolanean aritu dira gazteak udan, eta horrek emandako fruituak herritarrei erakutsi zizkieten, eta Babesgabe eta Mugarri taldeek han eman zituzten kontzertuak.
Aramaion, aitortza erlezainei
Aramaion ere aparteko giroa nagusitu zen domekan Sagardo Egunean. Sagardoa dastatzeko aukera egon zen herriko hamaika baserrietan eta etxeetan egindako ekoizleen eskutik eta txotx irekieran Fermin Etxebarria, Xabier Herrarte, Jon Ortueta, Jesus Gardoki eta Roberto Aginagalde omendu zituzten, herriko erlezainak. Urteetan egiten diharduten lana eskertu zien Udalak irekiera ekitaldian, eta pozik jaso zuten aitortza herriko bost erlezainek.
Sagardo Eguna omenaldiarekin hasi bazen ere goizean, zehar beste hainbat ekintza ere antolatu zituen Udalak. Ohi bezala, Lagun Artean dantza taldeak Sagar-dantza egin zuen, eta herritarrek sagardoa dastatzen zuten bitartean, Gesaltza fanfarreak girotu zuen plaza.