Giro ederrean ari dira ospatzen Sagardoaren Eguna Elgetan

Ibai Irasuegi Garai

Sagardo eguna ari dira ospatzen gaur, zapatua, Elgetan, eta jende asko gerturatu da Herriko Plazara goizeko ekintzetaz gozatzera. Artisau eta baserritarren azoka, tirolina eta Intxortako igoera izan dira goizean. 

Lanbroarekin abiatu dute gaur goizean Sagardoaren eguna Elgetan. Artisauen eta baserritarren azokak hasi du eguna lainopean, baina azkar atera da eguzkia, eta horrekin batera, jendez betetzen hasi da Herriko Plaza. Hain zuzen ere, barazkien, krema eta linimentun, artisau lanen, arabiar gozoen, txerrikien, garagardo artisauen eta eztien postuak jarri dituzte plazan. Horrez gain, Elorrio Zintziliken eskutik tirolina jarri dute plazan, eta ez dira gutxi izan, tirolinara igota, udaletxeko azken solairutik plazara jaitsi diren haurrak. 

Goizeko ekintzei dagokienez, dena "borobil" joan dela adierazi du Sagardo Egunaren antolatzaile lanetan aritu den Ikuska Lizarraldek: "Goizean lanbroa bazegoen ere, oso ondo hasi da eguna. Azkenean, nire ustez egun honek badauka herri kutsu handia, eta esango nuke elgetarrok horrela bizi dugula".

Marka berriarekin

Intxortara igoera ere jokatu dute goizean, eta emakumeen kategorian marka hautsi du Alazne Lozano elgetarrak herriko plazara 21 minutu eta 44 segundutan iritsi ondoren. "Denborari erreparatu gabe disfrutatzera joan naiz lasterketan. Dena eman dut, baita sufritu ere; oso pozik nago", adierazi du Lozanok.

Gainontzeko kategoriei dagokienez, Unax Agirrek irabazi du gizonezkoen kategoria 16 minutu eta 40 segundurekin; 12-16 urte bitartekoetan Auritz Retolaza nagusitu da 23 minutu eta 37 segundurekin; eta Araitz Ahedo izan da kategoria horretako emakume azkarrena 30 minutu eta 53 segundurekin. 

Gaztetxearen irekiera arratsaldean

Arratsaldean ere jarraituko du ospakizunak, eta, Elgetako Gazte Asanbladak antolatutako ekintzek jarraituko dute egitaraua. 18:30ean patata-tortilla lehiaketa egingo dute gaztetxeko lautadan, eta, eguna amaitzeko, gauean Babesgabe eta Mugarri taldeek kontzertua emango dute gaztetxean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak