Euskalmeteko datuen arabera, azken egunetan 40 gradutik gorako tenperaturak erregistratu dira Debagoieneko udalerrietan, eta, tenperatura altuena eta bataz besteko tenperatura altuenak, kasu, Arrasaten erregistratu dira: astelehena izan zen egun beroena bataz besteko 31,7 gradurekin, eta atzo eguerdian erregistratu zen azken zazpi egunetako tenperaturarik altuena: 41,7 gradu.
Debagoieneko ospitaleko langileek adierazi dutenez, nabaria izan da beroaldiaren eragina, eta pertsona nagusiak, bakarrik bizi den jendea, eta bihotz, giltzurrun edota arnas arazoak dituzten paziente kronikoak izan dira, medikuen esanetan, beroaldia gehien sufritu duten biztanleak: "Gaixotasunak dituzten pazienteek behar duten arreta mailak gora egin du, eta antzeman ditugun osasun arazoak izan dira zorabio gehiago egon direla, konorte galerak, hipotentsioak desorientazioak, eta beroak eragindako arazoak gaixotasunetan", adierazi du Ane Alberdik, Debagoieneko Ospitaleko larrialdietako medikuak.
Horrez gain, muturreko tenperatura altuen aurrean zaintzeko zenbait gomendio azpimarratu ditu Alberdik: "Bero asko egiten duenean kalean ez egotea, arropa freskoa erabiltzea, intentsitate handiko jarduera fisikoa ekiditea, lan ordutegia moldatzea, etxe barruan dena itxita izatea, eta, garrantzitsuena, ura edatea".
Babes neurriak
Debagoieneko Udal denetan hartu dira neurri bereziak. Babesgune klimatikoak erabili dituzte eskaintza orokor bezala, baina, jaietarako baita ere, Arrasaten eta Eskoriatzan, kasu, zenbait egokitzapen egin dituzte egitarauan beroaldiaren aurrean jaietan ezbeharrik ez egoteko. Horrez gain, Aretxabaletan, adibidez, uretako puzgarriak jarri zituen Udalak martitzenean, eta kiroldegiko ateak edonorendako zabaldik daude arratsaldeko 15:00etatik aurrera.