Tokikomen eta EITBren arteko Saretzen egitasmoaren baitan, euskarazko tokiko hedabideek ibilgailuen gaineko askotariko datuak batu eta argitaratu dituzte oraingo astean. 2024koak dira Trafiko Zuzendaritza Orokorrak eskuragarri ipinitako daturik berrienak, eta, horien arabera, goraka doa ibilgailuen adina: 2014an baino 2 urte gehiago dituzte Debagoienekoek; 2,1 gehiago, EAEkoek; eta 2,3 gehiago, Nafarroakoek.
Easo Car Ocasion-eko salmenta-arduradun Harkaitz Plazaolaren hitzetan, fenomeno orokorra da, eta 2020tik eman da, batez ere: "Inflexio puntua izan zen urte horretan –elektrifikazioarekin eta automobilgintzarako osagaien garestitzearekin–, eta, ibilgailu berri bat erosterako orduan, herritarren zalantzak areagotzea eragin zuen. Ondorioz, Euskal Herrian, Espainian zein Europan, automobilen parkea zahartu egin da, eta gure tailerretan nabaritu dugun lan karga igoerak baieztatzen du joera hori". Bailaran, 15 eta 25 urte bitarte dituzte ibilgailu gehienek –%35–, 8 eta 15 urte bitartekoek osatzen dute bigarren multzorik handiena –%26–, eta 4-8 urte bitarte dituzte %16k.
Diesela, beheraka
Erregaietan ere bada aldaketarik. Dieselak jarraitzen du nagusi izaten, oraindik ere, baina joera beheranzkoa da: Debagoienean, erregai mota horrekin funtzionatzen zuten ibilgailuak %61 ziren 2014an, eta, 10 urte geroago, %55. Kontrako bilakaera erakusten du gasolinak, %37tik %43ra eginda. Eta goranzko joera erakusten dute ibilgailu elektrifikatuek ere, baina oso neurri txikian; ez dira ailegatzen parke osoaren %1 izatera.
Parkea handitzen
Izan automobilak era batekoak edo bestekoak, parkea handitzen doa, ordea. Debagoienean, esaterako, 2014an, 644 ibilgailu zeuden 1.000 biztanleko –41.400, guztira–, eta 2024an, 691 –44.565, orotara–. Turismoak dira gehiengoa, alde nabarmenarekin; euren presentzia handituz doa, gainera, urtetik urtera, eta baita furgonetena eta motozikletena ere. Aldiz, kopuruan behera egin dute ziklomotoreek eta kamioiek.
Eta ibilgailuen kopuruak ez ezik, gidarienak ere gora egin du. Debagoienean, 1.000 biztanleko, 593 gidari zeuden, 2014an; eta 603, hamar urte geroago. Proportzioan, Aramaion hazi da gehien gidari kopurua –664tik 718ra–; Arrasate da, aldiz –proportzioan, kasu horretan ere–, bailaran gidariak galdu dituen herri bakarra –582tik 574ra–. Estatistiketan ikus daiteke herri txikienak handiagoen aurretik daudela rankingean: 1.000 biztanleko, 718 gidari daude Aramaion; 663, Elgetan; 656, Antzuolan; 641, Leintz Gatzagan; 623, Eskoriatzan; 612, Bergaran; 608, Aretxabaletan; 607, Oñatin; eta 574, Arrasaten.
Batez ere emakumeek izan dute eragina Debagoieneko gidari kopuruaren igoeran. Datuek erakusten dute, 2014an, 1.000 emakumezkotatik 487 gidariak zirela, eta, 2024an, 505. Gizonezkoen kasuan, berriz, 1.000 gizonezkotatik 700 ziren gidariak orduan, eta 702 dira, hamarkada bat geroago. Gaur gaurkoz, Elgetan dago gizonezko eta emakumezko gidarien arteko alderik txikiena –%56 eta %44, hurrenez hurren–, eta, Arrasaten, handiena –%59 eta %41–. Debagoeneko gidarien artetik, %58 dira gizonezkoak, eta %42, emakumezkoak.