"Azken egunak eguzkitsuak eta beroak izan dira, eta, beraz, igerilekua jendez gainezka izaten ari gara joan den egubakoitzetik, bainu denboraldia hasi genuenetik", azaldu du Iñaki Ugarteburuk, Bergarako Udaleko Kirol Zerbitzuko buruak.
Zehaztu duenez, astean zehar, arratsaldeetan pilatzen da jende gehien; asteburuetan, aldiz, egun osoan. "Arratsaldeetan, ordu jakin batzuetan edukiera bete egiten da. Joan den asteburuan, bestalde, zapatuan zein domekan, kanpoko igerilekuko edukiera gainditu egin zen behin baino gehiagotan, eta mugatu egin behar izan genuen. Halere, berri ona da, egun osoan ari baita jendea, eta guk horretarako egiten dugu lan; ahalik eta zerbitzu onena emateko".
Urte guztia aintzat hartuta, uda da kiroldegira jende gehien joaten den sasoia, Ugartebururen esanetan: "Aste honetan oraindik ez da ikastarorik izan. Baina datorren astean udako ikastaroak hasiko ditugu, eta uztailaren erdi ingurura arte jende asko pilatuko da kiroldegian. Edozelan ere, nahiago dugu hau, eguraldi txarra egin eta jendea barruan bakarrik egotea baino". Arrasaten ere zabalik daude Musakolako kanpoko igerilekuak, ekainaren 12az geroztik, eta kanpoko igerilekua duen beste herrian, Eskoriatzan, uztailaren 2an zabalduko dute. Oñatin, halaber, ostiralean abiatuko dute sorospen zerbitzua, Usakon.
Ur-txorrotak, zabalik
Kanpoko igerilekurik ez eduki arren, Debagoieneko ia herri guztietan daude ur-txorroten parkeak –Elgeta eta Leintz Gatzaga dira ez duten bakarrak–. Aretxabaletan, adibidez, maiatzeko beroaldia aprobetxatuta inauguratu zuten parke berria, Markole auzoan, Ibarra kiroldegiaren ondoan.
Antzuolan ekainaren 8az geroztik dago martxan Sagastiko ur-txorroten parkea, eta Aramaion, aldiz, joan den egubakoitzetik. Eskola dagoen egunetan 16:30etik 19:30era izango da ordutegia, eta eskolarik ez dagoenean eta asteburuetan, berriz, 11:00etatik 19:30era.
Udalerri handienen kasuan, Arrasaten bi parke daude; biak ere, joan den astetik zabalik: Villa Amparokoa eta Santa Barbarakoa. Bergaran, Labegaraietako parkea maiatzean zabaldu zuten eta Oñatin, era berean, erabilgarri dago San Lorentzokoa. Eskoriatzan, azkenik, arratsaldeetan jartzen dituzte martxan txorrotak, Santa Marinan.
Elgetan eta Leintz Gatzagan izan ezik, gainontzeko herrietan dago ur-txorroten parkea
Udala auzora, autobusak
Arrasateko Udala auzoan, azkenik, Uxarteko igerilekuak irekita daude. Udan, bereziki, auto-pilaketak sortzen dira auzoan, eta, horri konponbidea emateko helburuarekin, autobus zerbitzua jarriko du Arrasateko Udalak, ostiral honetan hasita, asteburuetan, ordu betean behin. San Frantziskoko geltokitik abiatuta.
BAINATZEKO TXOKOAK DEBAGOIENEAN
Freskatzeko askotariko aukerak daude bailaran:
Antzuola:
• Ur-txorroten parkea.
• Ondarreko presatxoa.
Aramaio:
• Ur-txorroten parkea.
• Albinako urtegia.
Aretxabaleta
• Ur-txorroten parkea.
Arrasate
• Musakolako igerilekua.
• Uxarteko igerilekua.
• Santa Barbarako eta Villa Amparoko ur-txorroten parkeak.
Bergara
• Agorrosingo igerilekua.
• Labegaraietako ur-txorroten parkea.
• Deba errekako putzuak.
Eskoriatza
• Kiroldegiko igerilekua.
• Gaztañaduiko ur-jauzia.
Oñati
• Usako.
• San Lorentzoko ur-txorroten parkea.