Abisu horia ezarri dute batetik, tenperatura altuengatik eta bestetik, tenperatura altu horiek iraunkorrak izango direlako. Gaur, esaterako, 35 gradu ingurukoak izango dira Kantauri barnealdean, eta kostaldean, 29 graduren bueltakoak. Arratsaldean ipar-haizea barnealdera hedatuz joango da eta tenperatura jaitsaraziko du 18:00etatik aurrera. Tenperatura minimoak, ostera, 18 gradu ingurukoak izango dira.
Arrasaten, esaterako, 36,8 gradu neurtu dira gaur eguerdian; Oñatin, 35,5 gradu; Urkulun (Aretxabaleta), 34,5 gradu; eta Ariolan (Elgetan) 34 gradu. Minimoak, ostera, 17 gradukoak izan dira Arrasaten eta Oñatin; 15,8 gradu Urkulun; eta 16,4 Ariolan.
Zapaturako ere tenperatura altu iraunkorrak iragarri dituzte. Kantauri barnealdean 18 eta 31 gradu artekoak izango dira eta kostaldean 19 eta 27 artekoak.
Baso-sute arriskua
Baso-sute arriskuagatik ere ezarrita dago abisu horia, eguenerako eta egubakoitzerako. Arrisku hori altua izango da Araban eta nahiko altua Gipuzkoan eta Bizkaian, hego-osagaiko haizea ere ibiliko delako.
Berotik zelan babestu
Deshidratazioa saihestu:
- Ura eta likidoak maiz edan, egarritu arte itxaron gabe.
- Saihestu kafeinadun edariak, alkoholdunak edo azukre asko dutenak. Ez dute egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dute.
- Entsaladen, barazkien eta fruten kontsumoa handitu, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak leheneratzeko.
- Saihestu janari koipetsuak eta ugariegiak, berora egokitzea zailtzen baitute.
Berotik babestu:
Kanpoan:
- Eguerdiko orduetan eguzkia saihestu. Ez jarri inoiz eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
- Eguzkitik babestu kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzkitako krema erabiliz.
- Erabili arropa arina, zabala eta izerditzen uzten duena.
- Saihestu jarduera fisiko bizia bero handieneko orduetan. Jarduera arratsalde amaieran programatu. Zeharkaldiak edo mendi-ibiliak eginez gero, eguraldiaren iragarpena kontsultatu eta ur nahikoa dela ziurtatu.
- Osasun-langileekin kontsultatu tenperatura handiekin zerikusia duten eta ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomak agertutakoan (ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabioa…).
Barruan:
- Bero gutxien egiten duten uneak aprobetxatu gelak aireztatzeko eta freskatzeko.
- Eguneko ordurik beroenetan, saihestu beroa sortzen duten makinak eta aparatuak erabiltzea.
- Haizagailuen erabilerak barrualdeak freskatzen laguntzen du.
- Bero handia nabaritzen bada, komeni da gorputza ur freskoarekin freskatzea, batez ere aurpegia eta eskuak.
Pertsona zaurgarriak zaindu:
- Beroaren ondorioz edozein pertsonak arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia jarri behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdunei eta bular-emaileei, bai eta adineko pertsonei eta gaixotasunak dituztenei ere.
- Inork EZ du INOIZ geratu behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, itzalpean egon arren; bereziki adingabeek, adinekoek edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek.
- Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasuna dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko; beraz, komenigarria da egunean behin bisitatzea.
Larrialdiren bat izanez gero, deitu 112 telefono zenbakira.