ALBISTEAK

Leintz taldea txapeldun Debagoieneko bertsolaritza saretu duen txapelketan

Gontzal Belategi Zubia 2026ko ekainaren 4a

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuen boskoteak aurreko zapatuan, Aian jokatu zen finalean. Urretxu-Zumarraga 1 taldea izan zuten aurrean.

Aurreko zapatuan borobildu zuen Leintz taldeak otsailaren 21ean Bergaran hasitako bidea. Haizea Arana, Oihana Arana eta Ane Zuazubiskar bertsolariek, Olatz Zuazubiskar gai-jartzaileak eta Larraitz Trojaola epaileak osatutako taldeak Gipuzkoako Herriartekoaren txapela jantzi zuten Aian, Zumarraga-Urretxu 1 taldeari aurrea hartuta.

Balorazio positiboa

Osotara bost saio jokatu dituzte Leintz taldeko kideek, eta pozik da Haizea Arana bertan egindakoarekin; balorazio positiboa egin du: "Herriarteko Txapelketa oso ondo joan da. Debagoienean jokatu ziren faseak oso politak izan ziren. Finala izan da Deba bailaratik kanpo kantatu dugun saio bakarra, eta oso pozik gaude emaitzarekin."

Bat dator epaile lanetan ibili den Larraitz Trojaola, eta harriduraz azaldu du ez zuela espero bertsolari izan gabe txapel bat irabaztea: "Oso ondo joan da, eta oso pozik gaude. Txapela etxean izanda, kontrakorik ezin dugu esan. Gainera, nork esango zuen bertsolari izan gabe, zalea soilik izanda, etxean txapel batekin amaituko nuela".

"Formatuari esker", saretuta

Leintzeko bi kideen ustez, txapelketak aspaldian sakabanatuta zegoen bertsogintza saretzeko balio izan du. "Lau saio izan dira gure bailaran, eta helduen bertso eskolak saretzeko aitzakia ederra izan da, eta nahiko giro polita dugu gure artean. Hori, horrenbeste denboraren ostean, pozgarria izan da", dio Aranak. Trojaolaren ustez, formatuak berak ahalbideratu du hori: "Esango nuke txapelketa honetan asmatu dela lehen fasearen antolakuntza eskualde bakoitzaren esku uzten. Horrek, bereziki Debagoienean, aitzakia bat sortu du elkartzeko eta elkarrekin gauzak egiteko".

Bertsolaritzaren mapan

Aranaren ustez, eskualdea aspaldi kokatu zen Gipuzkoako bertsolaritzaren mapan, baina txapelketak balio izan du Debagoienak mapa horretan bere tokia bermatzeko: "Debagoiena gure aurretik kokatu zuten bertsoaren mapan, eta hori ezin dugu ukatu. Egia da hori urte askoan egon dela pixka bat geldi, eta nik uste dut polita izan dela, alde batetik, Debagoienaren ibilbide horri omenaldi txiki bat egiteko eta, bestetik, berriro ere bagatozela esateko".

Trojaola bat etorri da Aranarekin, baina, herriartekoak Debagoienean bertsotan ondo egiten dela frogatzeko balio izan duela uste du: "Batzuk aspalditik genuen Debagoiena bertsolaritzako mapan kokatuta, baina uste dut balio izan duela, bereziki Gipuzkoan, batzuk Debagoienan bertsotan egiten dela eta gainera ondo egiten dela konturatzeko".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak