Urtarrilean txapelketa abiatu zutenean, parte hartzaile eta bertsozale askok txapela lortzeko "faboritoen" artean kokatzen zuten Leintz taldea –Ane Zuazubiskar, Haizea Arana, Oihana Arana, Larraitz Trojaola eta Olatz Zuazubiskar–, bada, aurreikuspenak beteta eta saio "ederrak eta osatuak" eginda, Leintz taldeak jantzi zuen txapela atzo jokatutako finaleko saioan ere, "maila handiarekin" lehiatuta.
Askotariko ariketei "umorez" erantzunda
Lehia haragoko txapelketa izatea zen hasieratik antolatzaileek eta parte hartzaileek zuten asmoa, lagunartekoa eta gertukoa, eta hala izan zen atzo jokatuko finala ere. Debagoenekoek kantatu zuten lehenengo agurra "umoretik" eta algaraka jarri zuten Urretxu Zumarragakoek ere segidan probalekuko publikoa.
Librekoa izan zen egin beharreko lehen lan puntuagarria, Haizea Arana eta Manex Mantxola mikroan zirela. Agurretan hasitako bideari jarraituz umore handiko saioa osatu zuten elkarri erronkan. Ane Zuazubiskarrek eta Mikel Iturriotzek hartu zieten lekukoa hamarreko txikian elkarrekin elkartzeko nahiko lan zeukaten bi lagunen paperean sartuta. Ohikoa ez den ariketa izan zen hurrengoa, talde bakoitzeko kide bati –Leintz taldeko Oihana Aranak eta Urretxu Zumarragako Antton Fernandezek– hamabina errima eman eta hiru zortziko txiki kantatu zituzten.
Ofizioka, zortziko txikian, aritu ziren ondoren Haizea Arana eta Manex Mantxola, autobuseko bi bidaiariren paperean sartuta. Udako festa giroan murgildu ziren segidan, puntutako ariketan, Ane Zuazubiskar eta Antton Fernandez; eta pisukideen elkarbizitza gero, koplaka, Haizea Arana, Mikel Iturriotz eta Ane Zuazubiskar, eta ganbarako lanarekin borobildu zuten bi taldeek egin beharreko ariketen zerrenda.
Hori guztia eginda, 21-15 emaitzarekin irabazi zuen Leintz taldeak finala eta Karidadeko benta taldeko kide Unai Mendizabalek eta Igotz Alkortak jantzi zien txapel bana.

Elkarretaratzea, sexu erasoa salatzeko
Arratsaldeko saioaren aurretik ziren bertso-poteoa egitekoak ziren eguerdian , baina azken orduan bertan behera utzi zuten; izan ere, Oreretako bertso eskolako irakasle batek eraso matxista bat egin zuela jakin berri zuten antolatzaileek eta elkarretaratzea deitu zuten gertaera hori salatzeko.