Antzuolako Goizper kooperatiba aurrealdean egingo dute irteera neutralizatua, 13:52ean. Aurretik, txirrindularien sinadura unea izango da. Etapa ofizialki hasi aurretik, Bergaran, Espoloitik, Bidekurutzetatik, San Martin plazatik, Barrenkaletik, Masterrekatik, Zubietatik... egingo du behera. Hortik aurrera, 14:07ean hasiko da etapa eta Elgetarantz egingo du tropelak lehen kilometroetan. 14:15ean pasako dira lehen aldiz Elgetatik txirrindulariak. Eta handik Asentziorantz joko dute. Gero, Kanpanzarrera, Olatik Bergarara eta Zubieta-Mastarrekatik Gorla aldera. Elosuko gainetik, 15:00etan pasako dira lehen aldiz.
Etaparen amaieran, Asentzio igoko dute ostera, baina Angiozarretik, alde gogorrenetik –mendateak 2. mailako kategoria du alderdi horretatik igota–. Eta Elgetatik jaitsiko dira Bergarara. Agorrosin aldetik sartuko dira Matxiategiko helmugaraino.
Trafikoan eragina
Itzuliaren amaierak eragina izango du trafikoan eta, bereziki, Bergaran hainbat gunetan ezingo da autorik kalean egon. Hori dela-eta, esaterako, beste bi gune egokitu dituzte ibilgailuak aparkatzeko: Ipintza eta San Martin ikastetxeetako patioak. Baina Antzuolan ere izango du eragina goiz eta eguerdi partean, Itzuliaren azken etaparen hasiera dela-eta.
Hemen, Itzuliko antolakuntzatik egin duten aurreikuspena. Tokiak eta orduak:
- 12:36. Goizper. Txirrindularien sinadurak.
- 13:52. Goizper. Irteera neutralizatua.
- 14:15. Elgeta.
- 14:18. Asentzio.
- 14:40. Ola.
- 15:00. Elosuko gaina.
- 15:25. Azkarateko gaina.
- 15:52. Osintxu.
- 16:00. Bolu.
- 16:15. Elosuko gaina.
- 16:36. Azkarate.
- 17:05. Bergarako saihesbidea.
- 17:21. Angiozar.
- 17:26. Asentzio.
- 17:28. Elgeta.
- 17:40. Matxiategi. Helmuga.
- 18:00. Oxirondoko azoka aurrealdea. Sari banaketa ekitaldia.
