Itzulia 2026

22 urteren ostean, Bergaran, goi mailako txirrindulariak nor baino nor gehiago

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 1a

2004. urtean, Alejandro Valverdek altxatu zituen bi besoak Vicioso eta Rebelinen aurretik, Bergaran amaitu den Itzuliko etapa bakarrean.

Bergara, 2004an bakarrik izan da Itzuliko helmuga; Alejandro Valverdek irabazi zuen orduko hartan. Apirilaren 11n, Lokatzaren 50. urteurrenaren harira antolatutako seigarren etapan erabakiko da 65. edizioko txapeldun berria; Primoz Roglic, Juan Ayuso, Isaac del Toro eta Paul Seixas dira txapela eramateko faborito nagusiak.

Itzulia ia urtero igarotzen bada ere, dagoeneko hamalau urte igaro dira etapa bat debagoienean amaitu zen azken alditik. Oñatin, 2012an euripean jokatu zuten erlojupekoa, eta, bertan, Samuel Sanchez asturiarrak Euskaltel-Euskadirentzat lortutako txapela, txirrindulari zale ugarik izango dute oraindik gogoan. Urrutiago joan behar dugu ordea, Bergaran hasi eta amaitutako azken etapa gogora ekartzeko: 2004ko edizioko lehenengo etapa. Orduko hartan, talentua eta gaztetasuna bor-bor zituen txirrindulari nagusitu zen; Alejandro Valverde. Biharamuneko etapa ere Bergaran hasi zen, eta Zallako helmugan, Zberg Beat suitzarra nagusitu zen; Denis Menchov errusiarrak irabazi zuen edizio hura. Oraingoan ordea, lehenengoa beharrean, Itzuliko azken hitza emango du Bergarak; bertan erabakiko da aurtengo edizioko garailea.

Gora eta behera

Apirilaren 11n jokatuko da Itzulia Basque Country-ko seigarren eta azken etapa, abiapuntua Antzuolako Goizperren izango duena, ordu biak aldera. Antzuolan ere ez da estreinakoz izango Itzulia –1986an lehen etapa jokatu zen bertan, Maurizio Rossi italiarraren garaipenarekin–. Neutralizatuta irtengo dira, eta Bergaran emango diote hasiera ofiziala etapari. Astebeteko proba erabakiko duen etapa diseinatzeko, Itzulia Basque Country-ko antolakuntzak Lokatza Txirrindulari Taldearen laguntza izan du, eta, ohitura den moduan, etapa gogorra eta motza prestatu dute: 135,4 kilometro, sei mendate puntuagarri eta 2.981 metroko desnibel metatua izango duena. Hasi eta berehala, Asentzio igoko dute –3. mailako mendatea– Uberatik; ondoren, Kanpazar jaitsi eta Bergararantz joango da lasterketa, Gorla igotzeko –2. mailakoa–; Azkoititik Elgoibarrera bidean, Azkarate –3. mailakoa– gainditu beharko dute txirrindulariek, eta Bergarara bueltatuko dira Gorla eta Azkarate beste behin igotzeko. Etaparen amaieran, Asentzio igoko dute ostera, baina Angiozarretik, alde gogorrenetik –mendateak 2. mailako kategoria du alderdi horretatik igota–.

Bergarara iritsi aurretik, Asentzio, Gorla eta Azkarate birritan igoko dituzte txirrindulariek

Ibilbidean zehar bi esprint berezi ere jarri dituzte; Elgoibarren biak. Bata, tarteko esprinta izango da, sailkapen horretarako puntuak emango ditu, eta, bide batez, lehenengo txirrindulariak hiru segundoko gainsaria eramango du. Bigarren pasaerakoa, ostera, Itzulian estreinakoz sartuko duten Red Bull kilometroa izango da; kilometro baten baitan, hiru esprint txiki jarriko dituzte, eta hor ere segunduak arramazkatzeko aukera izango da.

Antzuola-Bergara etapako profila.

Bost etapa gogor aurretik

Bergarako etapan, aurreko egunetan metatutako neke guztia etorriko zaie gainera txirrindulari askori. Azken urteetako ibilbiderik gogorrena proposatu du antolakuntzak. Bilbon hasiko da itzulia, teknika eta eta indarra eskatzen duen 14 kilometroko erlojupeko batekin. Bilbotik Iruñeara joango da Itzulia Basque Country. Mendukiloko Kobazuloetan amaituko den lasterketan, Aralarko San Migel mendatea igo beharko dute; edizioko mendate gogorrena eta indarrak nola dauden neurtuko dituena. Bizkaira bueltatuz, Basaurin hasi eta amaituko da hirugarren etapa; irabazteko askorik ez, baina galtzeko asko duen etapa izango da Basaurikoa. Laugarren etapa Galdakaon jokatuko da eta zazpi mendate puntuagarri izango ditu, tartean, Vivero mendate ezaguna, birritan igoko dena. Gipuzkoara etorrita, Eibarreko urteroko etapak ez du hutsik egingo, baina aurtengoan, ordea, ez da azken etapa erabakigarria izango; egun bat aurretik jokatuko da. Hau ere etapa gogorra izango da, zortzi mendate puntuagarrirekin, horien artean: Azurki, Krabelin eta Izua.

Faborito argirik gabe

Iazkoan txapela etxera eraman zuen Joao Almeida portugaldarraren lekukoa hartu gura duten txirrindulari ugari egongo dira aurtengo itzulian. Baina, batez ere, lau izen nabarmendu daitezke beste guztien gainetik: Primoz Roglic, Juan Ayuso, Isaac del Toro eta Paul Seixas dira horiek. Itzulia birritan irabazi duen esloveniarra agian ez da puntu-puntuan etorriko, baina Tirreno-Adriatikoa bosgarren, eta Milano-Torino klasikoa hirugarren amaitu ostean, aurrean ibiliko da ondo bidean. Juan Ayuso, 2024ko garailea dugu; Edizio hartan, Oletan behera bere arerio nagusiak hankaz gora joan ostean lortu zuen txapela eskuratzea. Taldez aldatu berritan, Algarve irabazi du valentziarrak, baina Paris-Nizan erorikoa izan ostean, ikusteke dago bere sasoi puntua. Isaac del Toro mexikarra izango da UAE taldeko liderra, eta azken emaitzei begiratuta, faborito nagusia ere bai; lehiatu dituen astebeteko bi itzuli txikiak irabaztetik dator: UAEko tourra eta Tirreno-Adriatikoa. Azkenik, Pogacarren baimenarekin, modan dagoen txirrindulariaz ere gozatu ahalko dute euska zaleek: Paul Seixas. 19 urteko txirrindulari frantziar gazteak edonor garaitzeko maila erakutsi du azken lasterketetan.

Primoz Roglic, Isaac Del Toro, Paul Seixas eta Juan Ayuso dira aurtengo faborito nagusiak

Lau horiek faborito nagusiak diren arren, garaipenaren lehian egon daitezkeen beste hainbatek ere eman dute euren presentziaren berri, hala nola; Mattias Skelmose, Tobias Halland Johannessen, Matthew Riccitello, Cian Uijtdebroeks edo Antonio Tiberi Itzuliko pelotoian izango dira. Euskaldunen artean ostera, Mikel Landa, Igor Arrieta, Alex Aranburu edo Ion Izagirre dira izen aipagarrienak, eta eurekin batera, Caja-Rural Seguros RGA taldeko Joseba Lopez arrasatearra eta Julen Arriolabengoa eskoriatzarra izango ditugu irtera puntuan, debagoieneko ordezkari gisa.

Sailkapen alde batera utzi eta etapa baten lehian egon daitezken txirrindularien zerrenda ere luzea da: Clement Champoussin, Cristian Scaroni, Paul Lapeira, Aurelien Paret-Peintre, Magnus Cort, Julian Alaphilippe edo Ethan Hayter bigarren multzo horretan sartzekoak dira. Lasterketa irekia eta lehiatua espero da, faborito argirik gabekoa, eta, alde horretatik, Bergarako etapa erabakigarria izan daiteke.

Bergaran, gune batzuk itxita

Asentzio Uberatik jaitsi eta segituan, Matxiategi kalean helmuga aurkituko dute aurrez-aurre txirrindulariek; kale hori itxita egongo da. Horrez gain, hilerriaren alboko aparkalekua, kiroldegi albokoa, eta Ernai kalean daudenak, antolakuntzakoek, taldeek eta prentsak erabiliko dituzte. Vip gunea eta podiuma, ostera, Oxirondoko aparkalekuan jarriko dituzte.

Itzulia Challenge-a biharamunean

Itzulia Basque Countryko azken etapa, zikloturistek errepikatu ohi dute Itzulia bukatu eta hurrengo egunean. Eibarren egin dira lehen hirurak, eta laugarrena Bergaran izango da, apirilaren 12an. Guztira, 600 zikloturista inguru eta bi ibilbide izango ditu martxa horrek, 71 kilometrokoa –1.700 metro arteko desnibelarekin– eta Itzuliko etaparen parekoa bestea, 133,8 kilometrokoa; 3.000 metroko desnibelarekin. "Zirkuitu baten barruan egingo da, eta lau anoa postu egongo dira: ibilbide motzean bi, eta lau luzean, lehenengo biak errepikatuz. Modu horretara jendeak gertutik ikusi ahal izango du martxa eta toki ezberdinetatik ikusi nahi izanez gero ere, ez da urrutira joan beharko", dio Javier Riañok, Itzulia Challenge-eko zuzendariak.

Riañoren esanetan, Itzuliko azken etaparen errepikapen bat izango da apirilaren 12ko hau: "Horrek esan nahi du, zapatuko etaparako hustu behar diren aparkalekuak hustu beharko direla domekarako ere. Irteera eta helmuga ere puntu berdinetan egongo dira. Martxa egiteko beharrezkoak diren elementuak antolatuko ditugu eta laguntzaile izango dugu horretan Lokatza txirrindulari taldea". Itzuliko arduradunek Agorrosingo bulegoetan jarriko dute euren egoitza domeka goizean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak