ALBISTEAK

Bertsoz jantzi da Debagoiena asteburuan zehar

Gontzal Belategi Zubia 2026ko martxoaren 16a

Arabako Bertsolari Txapelketako finalaurreko saioa eta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako Debagoieneko finala jokatu ziren zapatuan. Peru Abarrategik irabazi zuen lehena, eta Leintz taldeak bigarrena.

Bertsolaritzak hartu zuen asteburuan Debagoiena, bi hitzordu garrantzitsurekin. Alde batetik, Aramaion, Arabako Bertsolari Txapelketako finalaurreko saioa jokatu zen, non, bertsolari guztiak eta gai-jartzailea aramaioarrak ziren. Beste alde batetik, Antzuolan, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako Debagoieneko finala jokatu zuten.

Aramaioarrak etxean kantari

Arabako Bertsolari Txapelketaren finalaurreko saioa jokatu zuten zapatuan Aramaioko Kultura etxean. Saio berezia izan zen hau, oholtzara igo ziren guztiak aramaioarrak izan zirelako. Andere Arriolabengoa, Danel Herrarte, Martin Abarrategi, Peru Abarrategi, Sabin Abarrategi eta Xabi Igoa izan ziren kantuan eta gaiak jartzen berriz Lierni Altuna. Peru Abarrategik irabazi zuen saioa, 377 punturekin. Honen atzetik gelditu ziren, hurrenez hurren, Danel Herrarte (359,5 puntu), Andere Arriolabengoa (349,5 puntu), Xabi Igoa (347 puntu), Martin Abarrategi (343 puntu) eta Sabin Abarrategi (333, 5 puntu).

Saioko irabazleak urduri zegoela aitortu zuen saioaren ostean: "Aste guztia pasatu dut nahiko urduri; hori nire ingurukoek sufritzen dute nik beste. Esaten da urduritasuna ez dela txar-txarra izaten. Saiatu naiz horrek gain ez hartzen, eta listo, pozik". Ez da urduri egon den bertsolari bakarra izan, baina, Aramaioko bertso eskolako kide Manex Agirren ustez ondo joan da saioa: "Gustura ikusi dut, gozatzeko moduko saio bat izan da, egia esan. Niretzat gozatzeko elementu guztiak zituen: bertso eskolako oso gertuko sei lagun kantuan, aretoa bete-bete eginda eta sarrerak aspalditik agortuta. Hasieratik igarri da giroa oso bero zegoela. Txapelketa bat da eta tentsioak ere hor daude bertsolariengan. Gustatuko litzaidake beraiek lasaiago egotea, eta gehiago disfrutatzen ikustea. Batzuk beste batzuk baino gehiago lortu dutela esango nuke".

Momentu hunkigarriak ikusteko aukera ere izan zen Kultura etxean. Peru Abarrategik, esaterako, bi anaiekin egindako bertsoaldiak nabarmendu ditu: "Bereziak izan dira zortziko handia eta hamarreko txikia, baten Sabinekin eta bestean Martinekin kantatzea tokatu zaidalako. Aurrez, inoiz beraiekin kantatu gabe nengoen".

Bi aramaioar finalean

Aramaiokoa izan da azken finalaurrekoa, eta erabakita gelditu da martxoaren 28an Gasteizeko Europa Biltzar Jauregian jokatuko den finaleko seikotea. Peru eta Martin Abarrategi aramaioarrekin batera, Aroa Arrizubieta, Iñaki Viñaspre, Maddi Agirre eta Unai Anda izango dira bertan. Pozik agertu da Peru finalean anaiarekin batera egoteagatik: "Hori niretzat oso gauza berezia da, beti sinistu izan dut asko Martinengan. Ia nire burua barruan ikustea besteko poza edo handiagoa eman dit Martin barruan egongo dela jakiteak".

Giro ona nagusi Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan

Aramaioko saioaren ordu eta egun berean, baiarako bertsolari eta bertsozaleek beste hitzordu bat ere izan zuten. Antzuolako gaztetxean Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren Debagoieneko finala jokatu zen. Bi talde izan ziren aurrez aurre Oñatiko Mikaela Mentu taldea – Uxue Igartua, Lide Arregi, Maider Arregi, Mirari Sagarzazu eta Nerea Etxezarreta– eta Leintz Bailara barnebiltzen duen Leintz taldea –Oihana Arana, Haizea Arana, Larraitz Trojaola, Ane Zuazubiskar eta Olatz Zuazubiskar–. Azken hauek lortu zuten garaipena, eta horrenbestez, Debagoieneko ordezkariak izango dira Debabarreneko irabazlearen aurka apirilaren 25ean jokatuko diren final-laurdenetan.

Lepo bete zen Antzuolako gaztetxea finala ikusteko eta giro ona izan zen nagusi saio osan zehar. Pozik gelditu zen saioarekin Leintz taldeko Oihana Arana: "Oso saio polita izan dela uste dut. Lagun arteko giroan elkartu gara, ondo moldatzen ginen bertsolariok. Kristoren giroa egon da, Antzuolako gaztetxea bete da, eta uste dut ezin genuela gehiago eskatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak