Bailarako lau taldek euren arteko kanporaketekin hasi dute Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa, lauetako batek ordezkatuko duelako Debagoiena txapelketa horretan. Zapatuan jokatu zen hirugarren eta azken kanporaketa Antzuolako gaztetxean eta Leintz taldea izan zen garaile, Oñatiko Mikaela Menturen aurretik sailkatuta. "Gaztetxea beteta egon da, giro polita sortu da eta saioa ere nahiko borobila izan da, hortaz, balorazioa oso positiboa da", zioten antolatze lanetan ibili direnak saioaren amaieran.
Arantzazu Loidik bota du lehen bertsoa
Antzuolako Aritz Kortabarria ibili zen gai-jartzaile lanetan eta saioa kanporaketa izan arren, lagun arteko saioa izan zen Antzuolakoa eta egon ziren berezitasun batzuk. Esaterako, Arantzazu Loidi omendu zuten; berak bota zuen arratsaldeko lehen bertsoa. Amaieran, bestalde, ez ohiko agurra abestu zuten talde bietako parte-hartzaileek: elkarrekin egin zuten agurra eta aurreko bi saioetan kanporatuak izan ziren bailarako beste bi taldeak zirikatu zituzten bertsotan.
Hauek dira parte hartu duten bailarako lau taldeak: Leintz taldea –Oihana Arana, Haizea Arana, Larraitz Trojaola, Ane Zuazubiskar eta Olatz Zuazubiskar–, Oñatiko Mikaela Mentu taldea – Uxue Igartua, Lide Arregi, Maider Arregi, Mirari Sagarzazu eta Nerea Etxezarreta– , Oñatiko Tutelatraku –Gontzal Belategi, Aritz Irigoien, Urko Arregi, Aritz Iza eta Enaitz Ibabe– eta Antzuolako Kale edo Bale –Josue Madariaga, Txomin Alberdi, Alazne Jauregi, Jon Mata eta Aritz Kortabarria–.
Apirilaren 25ean Soraluzen
Horrenbestez, Leintz taldea izan da eskualdeko lehiaketan onena eta berak ordezkatuko du Debagoiena Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketan. Hurrengo kanporaketa apirilaren 25ean izango du, Soraluzen, Debabarrena taldearen kontra.