ALBISTEAK

Basalgoko zentral eolikoaren aurka, elkarretaratzea egin dute Topinburun

Ibai Irasuegi Garai 2026ko martxoaren 9a

Elgeta, Bergara, Soraluze eta Eibar artean kokatuko lirateke Arena Power Solar enpresak eraiki asmo dituen sei aerosorgailuak. Eremu horretan dago Topinburu mendia, eta joan den zapatuan bertara joan ziren ekitaldi sinbolikoa egitera dozenaka lagun, Elgetatik, Soraluzetik eta Eibartik mendi martxak antolatuta.

Behelaino artean egin zuten topo hiru herrietatik irtendako blokeek Topinburu inguruan. Bertan, eoliko batek edukiko lukeen perimetroa edo oinarria irudikatu zuten zinta batekin: "26 metroko diametrodun hormigoizko pieza izango luke aerosorgailu bakoitzak. Altueran 112 metro, 115 metroko erradiodun errotekin", azaldu zuen Eibarko Baso Biziak taldeko eta Eibarko Mendiak Bizirik plataformako kide Manex Arzuagak. Eraikuntza horiek gauzatzeko egokituko lituzketen plataformetan ere jarri zuen azpimarra:  "Mendialde guztia lautu, eta 200 metroko luze eta 60 metro zabaleko plataformak egingo lituzkete, kamioiak eta garabia sartzeko. Horrek mendiaren itxura eraldatuko luke betirako". 

Herriguneetan ere egin beharko lituzkete errepide zabalak garraio astunentzako, esaterako, Elgetan. Bertatik Topinbururako mendi martxan parte hartutako herritarretako batek, Asier Laskurainek, esan zuen "kamioiak sartzeko saihesbide bat" egin beharko luketela, eta "Azurtzako baserri inguruetako pista asko zabaldu" beharko luketela, "baita Topinburura doan pista ere". Gehitu zuenez, "denon artean indarra egin eta protestatzeko ekitaldia" izan zen zapatukoa: "Gero eta mendi gutxiagorekin geratzen gabiltza, AHTk eta dorre elektrikoek eraginda". 

Erantzunen zain

Zentralaren aurka egindako milaka alegazioen erantzuna jasotzeko zain daude udalak –Bergarakoa eta Elgetakoa, kasu– eta herritarrak momentu hauetan. Topinburun bat egindako taldeak aurreratu zuen Aldundian agerraldia egingo dutela eta asmoa erakutsi dute hilero elkartzeko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak