Behelaino artean egin dute topo hiru herrietatik irtendako blokeek Topinburu inguruan. Bertan, eoliko batek edukiko lukeen perimetroa edo oinarria irudikatu dute zinta batekin: "26 metroko diametrodun hormigoizko pieza izango luke aerosorgailu bakoitzak. Altueran 112 metro, 115 metroko erradiodun errotekin", azaldu du Eibarko Baso Biziak taldeko eta Eibarko Mendiak Bizirik plataformako kide Manex Arzuagak. Eraikuntza horiek gauzatzeko egokituko lituzketen plataformetan ere jarri du azpimarra: "Mendialde guztia lautu, eta 200 metroko luze eta 60 metro zabaleko plataformak egingo lituzkete, kamioiak eta garabia sartzeko. Horrek mendiaren itxura eraldatuko luke betirako".
Herriguneetan ere egin beharko lituzkete errepide zabalak garraio astunentzako, esaterako, Elgetan. Bertatik Topinbururako mendi martxan parte hartu duen herritarretako batek, Asier Laskurainek, esan du "kamioiak sartzeko saihesbide bat" egin beharko luketela, eta "Azurtzako baserri inguruetako pista asko zabaldu" beharko luketela, "baita Topinburura doan pista ere". Gehitu duenez, "denon artean indarra egin eta protestatzeko ekitaldia" izan da gaurkoa: "Gero eta mendi gutxiagorekin geratzen gabiltza, AHTk eta dorre elektrikoek eraginda".
Zentralaren aurka egindako milaka alegazioen erantzuna jasotzeko zain daude udalak –Bergarakoa eta Elgetakoa, kasu– eta herritarrak momentu hauetan. Topinburun bat egin duen taldeak aurreratu du Aldundian agerraldia egingo dutela eta asmoa erakutsi dute hilero elkartzeko.