Realak jokatuko du Espainiako Kopako finala, Sevillan, Athletici kanporaketako bi partiduak irabazita. Turrientesek sartu zuen gola joaneko partiduan, San Mamesen –otsailaren 11n–, eta, hala, finala jokatzeko lehenengo urratsa egin zuen Realak. Bart Anoetan jokatutako partiduak ere asko izan zuen ohiko derbietatik; alegia, intentsitate handia, zelai erdian borroka asko eta, tarteka, gol aukeraren bat edo beste egon zen 90 minutuetan.
Reala Padillaren atetik gertuago ibili zen Athletic Marrerorenetik ibili zena baino, eta, zuri-gorriek aldaketekin lerroak aurreratu bazituzten ere, Realak tinko eutsi zion defentsako lanari, ostean erasora irteteko. 87. minutura arte ez zen mugitu markagailua. Une hartan, epaileak, VAR sistemak jakinarazita, Herrerari egindako penaltia adierazi zuen, eta, nola ez, Oiartzabalek baloia sareetara bidali eta kanporaketa erabakita utzi zuen.
Atletico Madrilen aurka neurtuko dituzte indarrak txuri-urdinek, Cartujan, apirilaren 18an. Sei urte igaro dira Realak azkenekoz final bat jokatu zuenetik, baina honako honetan zaleen aurrean izango da, eta, noski, debagoiendarrak ere Sevillara joango dira.
Realzaleen eta adituen hitzak
Gorka Zelaia (Onda Vascako esataria): "Hasieratik nekien Sevillan egongo ginela"

"Lasai egon naiz partiduan. Hasieratik nekien Sevillan egongo ginela, eta uste dut Reala Atheltic baino askoz hobea izan dela. Imanolek (Alguacil) Errege Kopari lehentasuna eman zionetik gau zoriontsuak bizi izan ditugu; ez da kasualitatea. Sevillan egongo naiz familiarekin eta irratikoekin; bihartik aurrera dena prestatzen hasiko gara. Goazen Reala, denok Cartujara!".
Irati Igartua (realzale oñatiarra): "Aitak betidanik esan dit final bat bizi behar genuela"

"Egun osoan egon naiz urduri, eta partiduan ere sufritu dut. Parekatuta egon da, baina irabazi egin dugu; izugarria izan da. Aitak betidanik esan dit final bat bizi behar genuela. Azkenengoan ezin izan ginen egon, baina orain, realzale guztiok joango gara Sevillara; hunkigarria da niretzat".
Rafa Mungia (Radio Euskadiko esataria): "Final bat zalerik gabe, pub bat garagardorik gabe bezala da"

"Espero genuen bezala, partidu parekatua izan da. Reala sendo ikusi dut; partidua kontrolpean izan du. Sevillara joatea sari ikaragarria da. 38 urte igaro dira Realak zaleen aurrean jokatu zuen azkenengo finaletik, eta balentria handia da. Sevillan egongo gara irratikook; zalerik gabe jokatu zenean ere egon ginen, baina ez da gauza bera. Uste dut John Toshack-ek esaten zuela aurrelari bat golik gabe, pub bat garagardorik gabe bezala dela. Bada, finalekin eta zaleekin gauza bera gertatzen da".
Edurne Urteaga (realzale oñatiarra): "Zalerik gabe, zentzu gutxi dute finalek"

"Partidua ia ikusterik ere ez dut izan Anoetan zegoen jendetzarengatik; erantzuna ezin hobea izan da. Pandemiako partiduaren ostean, garrantzitsua da bai jokalarientzat baita zaleentzat ere datorrena bezalako final bat jokatzea; izan ere, zalerik gabe, zentzu gutxi dute finalek. Oraindik ez dut erabaki Sevillara joango naizen ala ez".
Mikel Gonzalez de Martin (Realeko jokalari ohia): "Realzaleek badute Aste Santuak luzatzeko pisuzko arrazoi bat"

"Anoetan egon nintzen atzo, eta asko gozatu nuen finalerdietako partiduko giroarekin. Realak min asko egin zion Athletici San Mamesen, baina atzo oso parekatuta egon zen partidua. Zaleek badute Aste Santuak luzatzeko pisuzko arrazoi bat. Nik ez dut Sevillara joateko asmorik, baina asko gaurtik hasiko dira guztia antolatzen. Polita da lagunekin zein familiakoekin halakoak egitea".
Maddi Garro (realzale aretxabaletarra): "2020ko arantza kentzeko balio izan digu"

"Partiduaren aurretik beldur puntu batekin nengoen, baina partidua espero baino lasaiago bizi izan dut. Duela sei urte Sevillara joateko hegaldia eta etxea hartuta geneuzkan, eta azkenean etxetik ikusi behar izan genuen finala. 2020ko arantza kentzeko balio izango digu partidu honek; merezi genuen halako final bat jokatzea".
Andoni Beitia (realzale arrasatearra): "Bidaia bertan behera uzteko aukerarik gabe hartu genuen San Mamesen irabazi eta gero"

"Uste dut Athletic ondo sartu dela partiduan, eta hasieran urduri egon naiz. Partidua aurrera joan ahala, ondo egon da Reala, eta partidu ona egin du taldeak. Oso harro gaude, eta Sevillara goaz! Bidaia bertan behera uzteko aukerarik gabe hartu genuen San Mamesen irabazi eta gero, eta ondo egin genuen!".
Athleticzaleen eta adituen hitzak
Haritz Gallastegi (Euskadi Irratiko esataria): "Jarrera ona eta lehiatzeko gogoa bai, baina zelai erditik aurrera etorri gutxi izan du Athleticek"

"Hasteko, zorionak realzale guztiei! Analisian sartuta, uste dut gehiago izan dela talde txuri-urdina. Athletici dagokionez, jarrera ona eta lehiatzeko gogoa bai, baina zelai erditik aurrera etorri gutxi. Horrela ezinezkoa da garaipenak eskuratzea gorengo mailan. Banuen Sevillara joateko asmoa, lanera; izan ere, plazera eta lana uztartzeko aukera dut, zorionez. Zoritxarrez, baina, ez dugu izango azken urteetan ondo ezagutu dugun Sevilla bisitatzeko aukera".
Susana Altuna (athleticzale oñatiarra): "Gaizki jokatu dugu; Athleticek ez zuen merezi finalera iristea"

"Partidu oso txarra iruditu zait. Athleticek ez du merezi izan finalera iristea. Ez da minkorragoa Realaren aurka galdu izanagatik; garrantzitsuena zen finalera iristea. Gaizki jokatu dugu, eta partidu txarra izan da. Ez genuen Sevillara joateko asmorik".
Igor Arenaza (Athletic Fundazioko teknikaria): "Aurrera begira kosta egiten zaigu jokaldi garbiak sortzea"

"Zorionak Realari Sevillako finalerako txartela lortzeagatik. Partidua, ikusteko, ez zen polita izan. Ernestoren (Valverde) hitzak erabiliz, aurrera begira kosta egiten zaigu jokaldi garbiak sortzea, eta atzo argi gelditu zen".
Ibon Leibar (athleticzale bergararra): "San Mamesen ez bezala, Anoetan taldea lehiakor aritu da"

"San Mamesen ez bezala, uste dut Anoetan taldea lehiakor aritu zela, baina egia da ez gaudela gure denboraldi hoberenean, eta hori igartzen da zelaian. Ez zen partidu txarra izan, baina bizpahiru gol sartzeko beste zerbait egin beharra dauka taldeak".