ALBISTEAK

Lanean dihardute 24. Korrikako Debagoieneko batzordeek

Ibai Irasuegi Garai 2026ko otsailaren 19a

Lekuko hartzeak eskuratzeko aukera dago oraindik, eta egitarauen prestaketak aurrera doaz herri guztietan. Hilabete barru abiatuko da 24. Korrika, Euskara gara lelopean. Atharratzetik Bilbora joango da, martxoaren 19tik 29ra, eta amaitu aurreko egunean egingo du bisita Debagoienean. 

Korrika batzordeek egun horren atzean dagoen lan guztia aurrera eramateko buru-belarri dihardute lanean. Maite Mendizabalek, Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko Korrika batzordeetako koordinatzaileak, data hurbildu ahala giroa eta antolaketa "berotzen" ari direla adierazi du. 

Lekuko hartzeak kudeatzen

Gaur egun, lekuko hartzeen kudeaketa da batzordeei denbora gehien eskatzen dien lanetako bat. Eragile, enpresa eta norbanakoei lekukoa diruz laguntzeko ateak zabalik daudela gogorarazi diete. Aurtengo ibilbideak 50 kilometro inguru egingo ditu bailaran zehar: Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Bergara eta Antzuola zeharkatuko ditu. Lekukoa eraman nahi ez dutenek ere badute ekarpena egiteko aukera. "Badira lekukoa hartu nahi ez dutenak; haiek korrika.eus atarian ekarpen ekonomikoak egin ditzakete", azaldu du Mendizabalek.

9 urteren ostean, Antzuolan

Bederatzi urte igaro dira Korrika Antzuolatik pasa zenetik, eta aurten berriz ere herrigunetik igaroko da. Amaia Ramirez de Okarizek, Antzuolako Korrika batzordeko kideak, herritarren ilusioa azpimarratu du. 23. Korrikan Gorla ingurutik igaro zen ibilbidea, baina oraingoan herrigunetik pasatzea bereziki ospatuko dute.

Asteburu honetan Korrika materialaren salmenta-puntuak izango dira Oñatin eta Antzuolan

Prestaketak eta salmenta

Egunotan, Korrikaren etorrerari, Korrika Kulturalari, Korrika Txikiei eta euskararen aldeko lasterketarekin lotutako beste hainbat egitasmori forma ematen ari zaizkie batzordeak.

Bestalde, Korrikako materialaren salmenta ere abiatu dute: kamisetak, kirol jertseak eta, batez ere, petoak. Online denda martxan dagoen arren, herriz herri salmenta-postuak jartzen ari dira batzordeak. Herri bakoitzak bere egutegia antolatzen du, eta asteburu honetan, esaterako, Oñatin eta Antzuolan izango dira postuak. Batzordeek petoak aurrez eskuratzea gomendatu dute, egunean bertan agortu egin daitezke eta.

Debagoienean, beraz, atzerako kontaketa martxan da: martxoaren 28an lekukoaren atzetik korrika egingo dute milaka herritarrek, euskararen alde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak