Espainiako Gobernua osasun langile guztientzako estatutua negoziatzen ari da, eta, medikuek salatu dutenez, negoziazioetan ez dute indarrik. Izan ere, medikuen ordezkari bat badago negoziazio mahaian, baina honek ez du botoa emateko eskubiderik. Gauzak horrela, Medikuen Sindikatuen Espainiako Konfederazioa ministerioarekin hitz egiteko "prest" agertu da, "akordio bat lortzeko".
Gaurtik, astelehenetik ostiralera luzatuko da aste honetako greba, eta ekainera bitartean hilero astebeteko greba bat egitea erabaki dute Medikuen sindikatuek. Hala: martxoan, 16tik 20ra; apirilean, 27tik 30era; maiatzean, 18tik 22ra; eta ekainean, 15etik 19ra izango dira sindikatuek deitutako hurrengo geldialdiak. Egun horietan, Arrasateko Ospitalean zerbitzu minimoak "bermatuta" egongo direla adierazi du, ospitalean lan egiten duen Ainhoa Albizuri larrialdietako medikuak.
Sindikatuek deitutako mobilizazioak Madrilen hasi ziren zapatuan, eta, gaur goizean, Donostian egin dute manifestazioa, euripean. Astean zehar ere elkarretaratzeak egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hirietan: Bihar, Bilbon; etzi, Gasteizen; eta ostiralean, EAEko hiru hiriburuetan egingo dituzte.