Zer da eta zer jasotzen du estatutuak? Zergatik ikusten duzue estatutu propio baten beharra?
Estatutuak lan-baldintza minimo batzuk ezartzen ditu eta ezin dira aldatu; adibidez, urteko lanordu kopurua, jaiegunak eta halako kontuak definitzen ditu, eta horiek ez ditugu aldatu nahi. Kontua da medikuen lan eta ardura batzuk beste langile batzuekiko desberdinak direla, eta horregatik eskatzen dugu estatutu propioa. Geure kasuak dituen lan berezitasun horiek kontuan hartzeko eta horiei buruz hitz egiteko.
Gaur egungo estatutuaren arazoak zeintzuk dira?
Gure erabakien maila, gure formazioa eta gure lan-baldintzen berezitasunak ez dira kontuan hartzen. Medikuak, langile-maila guztien artean, talde minoritarioa gara, eta beste langileek erabakitzen dute geuk nola egin behar dugun lan. Hori aldatu nahi dugu.
Greba mugagabearen aukera mahai gainean egon arren, momentuz astebeteko grebak deitu dituzue, ekainera arte. Zergatik?
Pertsonekin egiten dugu lan, haiei zor diegu gure lana. Horrek, ordea, ez du esan nahi geure burua zaindu behar ez dugunik. Greba egitea asko kostatzen zaigu, egun batean lanik egiten ez badugu lan hori pilatu egiten delako, eta, horregatik, erabaki orokor hori hartu dugu. Horrela, geure lana aurrera eramaten jarraitu ahalko dugu.
Grebara jotzea azken aukera izan ohi da. Zuen kasuan ere bai, ezta?
Bai, hala da. Guk ez dugu grebarik nahi, baizik eta geure lana duintasunez eta ahalik eta hobekien egitea. Gure eskaera eta arazoak norbaitek entzun eta horiei konponbide bat topatzea nahiko genuke. Baina hori ezinezkoa da ez badago horretarako borondaterik. Momentuz, astebeteko grebarekin hasiko gara, eta, jasotzen dugun erantzunaren arabera, jokabidea aldatu edo ez erabakiko dugu.
"Gaur egungo estatutuak ez ditu gure lan baldintzen berezitasunak kontuan hartzen"
Greba deialdia iragarri ostean sumatu al duzue aurrerapausorik administrazioen aldetik?
Ni langile bat naiz eta ez dakit zerbait mugitu den edo ez. Guri heldu zaigunaren arabera, arazo guztiak geure gainean jartzen dituzte. Ministerioak dio mahaiko sindikatuekin akordioa lortu dutela, baina, esan bezala, medikuak gutxiengo bat gara. Horregatik, denok bozkatu arren, CEMS Medikuen Sindikatuarentzat oso zaila da mahai horretan gure lan-arazoen inguruan negoziatzea.
Egoera aldatu ezean, zein da zeuen kezka nagusia?
Lan-baldintzak okerrera joatea. Lan-karga handitu egin da, eta zailagoa da lanaren eta kanpoko bizitzaren arteko orekari eustea.
Grebaren astebeteko epealdietan zer zerbitzu minimo bermatuko dituzue?
Zerbitzu minimoak bermatuta daude. Urgentziak egongo dira, anbulatorioetan ere zerbitzu minimoak egongo dira. Ezinbesteko kontsulta guztiak bermatuko dira.
Gaia aldatuz, pertsonal faltaz ere kexatu izan zarete; nola dago egoera Debagoieneko Ospitalean?
Mediku falta ez da Arrasateko kontua bakarrik. Medikuen eta fakultatiboen falta orokorra dago, eta gure limiteen gainetik egiten dugu lan. Anbulatorio batean bost mediku behar diren tokian hiru badaude, lan-karga handitu egiten da.
Egoera horretan, larrialdietako mediku gisa, zerk motibatzen zaitu lanean jarraitzera?
Mediku guztiok maite dugu gure ogibidea, horregatik egin ginen mediku. Pertsonak zaindu behar ditugu, eta horrek motibatzen gaitu lanean jarraitzeko.