Bi sari jaso ditu Goienak Tokikom Sariak ekitaldian

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko azaroaren 21a

Tokikom Sariak ekitaldia egin dute gaur, azaroaren 21a, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako fakultatean. Eta bi sari jaso ditu Goiena Komunikazio Taldeak: azal onenarena Puntua aldizkariak, eta aipamen berezia Podcast-gelak.

Tokiko komunikabideek osatutako elkarteak hamargarrenez antolatu ditu Tokikom Sariak eta gaur goizean banatu dituzte Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko fakultatean, Aretxabaletan. Han elkartu dira euskarazko toki hedabideetako ordezkariak, baita erakunde publikoetakoak ere, hala nola, Eusko Jaurlaritzako Aitor Aldasoro  eta Gipuzkoako, Bizkaiko zein Arabako Foru Aldundietako, Garbiñe Mendizabal, Isaac Amezaga eta Joseba K. Perez ordezkariak.

Puntua eta Podcast-gela sarituak

Lau sari banatu dituzte eta Goienak horietako bi jaso ditu. Azalik onenarena Puntua aldizkariarentzat izan da, Keinu hizkuntza izenburudun azalarengatik. Epaimahaiak saritu du “oso modu bisual eta indartsuan" erakusten duelako gorren komunitateak eskatzen duen ofizialtasuna. Gaineratu dute ideia eta irudia "oso iradokitzaileak" direla eta zer pentsatua ematen duela.

Edukirik onenarena, ostera, Aiaraldea aldizkariarendako izan da Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bihurtzen denean erreportajearengatik. Eta ikus-entzunezko onenarena Antxeta Irratiarendako, Lodifobiaren aurkako
ahotsak elkarrizketa sortagatik.

Aurten laugarren sari bat eman du epaimahaiak. Hain zuen ere, aipamen berezia jaso du Goienaren Podcast-gelak. Komunitatearen eskura ipini du Goienak aurten sortu duen gela berri hori, eta epaimahaiak nabarmendu du "parte hartzea eta herri mailako sareak ehuntzeko ekimena". Azaldu dute Podcast-gelak komunitateari ahotsa eman diola, eta parte hartze zuzena bultzatu duela inguruko
erakundeen, elkarteen eta eragileen artean. "Gai eta forma aldetik ere aniztasunaren aldeko apustu ausarta egin du: audio- eta bideo-podcastak, zinemaz, historiaz, kulturartekotasunaz, politika, mugimendu sozialak, musika, literatura…".

Finalistak eta sarituak.

Behin sariak banatuta, adimen artifiziala kazetaritzan eta komunikazioan eragiten ari den aldaketez hausnartu dute RTVE Institutuko Urbano Garcia adituarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak