Urbano Garcia: "Kazetariak inoiz baino beharrezkoagoak gara eta adimen artifizialak gure balioa handitu dezake"

Txomin Madina Milikua 2025eko azaroaren 20a

Urbano Garcia. (Argazkia: RTVE)

Azaroaren 21ean, egubakoitzean, izango diren Tokikom Sarietan hitzaldia egingo du Urbano Garciak (Plasencia, Espainia, 1965) adimen artifiziala ardatz hartuta. RTVEko eta Canal Extremadurako erredakzio eta ardura postuetan eskarmentu handikoa, RTVEko alor digitaleko burua ere izan da.

Puntua aldizkariaren 477. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Agertu zenetik, adimen artifizalak, modu batera edo bestera, bizitzaren alor gehienetan izan du eragina, baita komunikazioan eta kazetaritzan ere. Urbano Garciak gertutik ezagutu eta jarraitu ditu horietan izaten ari den inpaktua.

Gogoratzen duzu zuk zeuk adimen artifizialarekin lehen harremana izan zenuen unea?

2022ko azaroaren amaiera aldera izango zen, gehienok bezala. 2017tik nenbilen ni robotikaz, adimen artifizialaz... irakurtzen eta ikusten. 2022 amaieran ChatGTP agertu zen eta gogoan dut lagun bati Whatsappez idatzi niola: "Utzi egiten ari zaren hori eta sartu hemen, badirudi-eta mundu osoa astintzen ari dela". Arduratzen hasi nintzen, normalean bost edo hamar minutuan erantzuten zidan lagunak 48 ordu geroago erantzun zidalako; hitz bakarreko erantzuna: "Joder!". Erabat gainezka zegoen; batez beste zortzi artikulu idazten zituen astean eta AArekin (adimen artifiziala) 80 idatzi zituen. Sekulako kolpea izan zen hura.

Berehala ikusi zenion kazetaritzarako zuen potentziala?

Bai, duela hamar urte mugikorrekin gertatu zitzaidan moduan. Orduan ikusi nuen gainean eraman ohi genuen zerbaitekin kazetaritzaren hiru helburu handiak betetzen genituela: edozein unetan edozein tokitan egotea eta han gertatzen zena zuzenean kontatzea. Adimen artifizialarekin gauza bera gertatu zait, gutxi gorabehera. Lehen egin ezin genituen gauzak egin ditzakegu eta beste gauza batzuk hobetu. Nik beti osagarritasunaz hitz egiten dut, ez ordezkapenaz.

Kazetaritzan adimen artifiziala erabiltzeaz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara? Hiztegi bat edo Interneteko bilatzaile batekin egiten dugun moduan tresna gisa erabiltzeari buruz ala AAk berak testuak sortzeaz?

"ADIMEN ARTIFIZIALAREN BUELTAN BETI OSAGARRITASUNAZ HITZ EGITEN DUT, EZ ORDEZKAPENAZ"

Ez dut apokaliptikoa izan nahi, baina AA tresna edo azpiegitura berri hutsa baino gehiago da. Nire ustez, gure bizitzaren eta gure ondorengoen sistema eragilea izango da. Handinahikeria dirudien arren, nik kopilotu gisa ikusten dut; horregatik, Microsoft argi ibili zen bere adimen artifizialari Copilot izena jarri zionean. Guk jarraitu behar dugu ontzia gidatzen, giza adimen handitu batera heldu behar dugu. Ni ez nau adimen artifizialaren aurrerakadak kezkatzen, giza adimenaren atzerakadak baizik. Eta ez nau kezkatzen makinek pertsonek bezala pentsatzeak, pertsonek makinek bezala pentsatzeak baizik. Adimen artifiziala tresna bikaina da kazetariaren lan-kate osoarendako: bilaketatik eta dokumentaziotik hasi eta edukien sortze eta horien banaketaraino. Orain ez askora arte, kazetariaren lana bukatzen zen irrati-kronika bat, telebistarako erreportaje bat edo prentsako artikulu bat argitaratzen zenean; orain, gure lana orduan hasten dela esango nuke. Audientziari zor diogu gure lana, intereseko komunitatea bihurtuko dugun audientziari. Adimen artifizialak horretan ere lagunduko digu, baina, betiere, gure lagun moduan: gizonaren zein emakumearen sormenari makinaren gaitasuna gehituta. Ziur nago horrela produktu eta emaitza hobeak lortuko ditugula.

Zer aldaketa ari dira ikusten jada erredakzioetan?

Kezkatzen nauena aldaketekiko kazetariok erakutsi ohi dugun erresistentzia da; horretarako makina perfektuak gara. Ni ez nau aldaketak kezkatzen, baizik eta hori gertatzen ari den abiadurak. Adimen artifizialak dena zipriztintzen du. Duela urte asko mekanografia jakiteak balio erantsia ematen zion gure curriculumari; gero, Word edo Excel bezalako tresnak menderatzeak. Aurrerantzean, AA erabiltzen jakitea ez da plus bat izango, baldintza bat baizik. Arazoa da ez dugula ondo kontatzen zer den AA. Jendeak robot humanoide bat bezala imajinatzen du, erabakiak bere kabuz hartzen dituena eta gizakia baino gehiago dena; alde horretatik, ez gabiltza zuzen. Esan ohi dut jendearen %90ek ez dakiela zer den adimen artifiziala eta gainerako %10aren artean hamarretik zortzik Google bilatzailea bezala erabiltzen duela ,eta ez egiten ari garen horretan lagundu diezagukeen zerbait moduan. Baina ez naiz alde positiboa bakarrik saltzen ari, badu azaldu behar den alde negatiboa ere. Egin den lehen ikerketa zientifikoak erakutsi du ikasleen artean gehiegi erabiltzeak euren garuna itzaltzen duela. Zor kognitibo bat eragiten ari gara, adimen artifizialari ematen diogulako lehen gizakiena bakarrik zen zerbait. Adibide bat jartzearren, 2024an AAren erabilera nagusia informazioaren bilaketa izan zen; 2025ean babes psikologikoa izan da. 850.000.000 erabiltzaile ditu egunean ChatGPTk, eta milioi batek nola autolesionatu edo nola suizidatu galdetzen dio.

Ze onura ekar diezaioke kazetaritzari?

Lehen esan bezala, prozesu guztietan lagundu dezake. Esaterako, datu-base erraldoi bati aurre egin behar diogunean, elkarreragin on batekin, adimen artifizialari argibideak emanaz, gure lana ordu askotatik minutu batzuetara pasa dezake. Nik beti esan ohi diet lankideei hasierako ideia paperarekin eta boligrafoarekin lantzeko eta gero erabiltzeko adimen artifiziala; ez uzteko lan guztia haren gain. Irudiak sortzen edo bideoekin ere lagundu dezake, baita egiaztapenean ere. Jendeak esaten du AAk fake news-ak sortzen dituela, baina fake-news-ak beti egon izan dira; are gehiago, AAren haluzinazioa, zerbait ez dakienean asmatzen duen informazioa, asko jaitsi da. Gure lanak aurkezteko orduan ere asko lagundu dezake; niri, pertsonalki, aukera eman dit proiektuak beste formatu batzuetan sortzeko: komiki moduan, audio-liburu moduan, Youtube... Istorioetan zentratuta egoteko aukera berriak ematen dizkigu, istorio horiei oihartzun emozionala emateko. Gure kazetaritza sormenaren indartzaile bat da.

Eta zeintzuk dira kazetaritzarendako arriskuak?

"TOKIKO HEDABIDEENDAKO AUKERA HANDI BAT IKUSTEN DUT ADIMEN ARTIFIZIALAREKIN"

Oso handiak. Ni neuk, zenbat eta sakonago sartu AAn, orduan eta serioago hartzen ditut alderdi juridikotik etikora edo moralera doazen arrisku horiek. Baina ezin gara horiek argitzeari zain egon adimen artifiziala ezartzen joateko. Ahotsen klonazioa, esaterako: galdera ez da: "Klonatuko zaituzte?". Baizik eta: "Noiz?". Joerekin lotutako arriskua ere badago; baina gizakiok ere baditugu joerak, esaterako, informazio bat lantzeko orduan datu batzuk beste batzuen partez aukeratzen ditugunean. Jabetza eskubideekin zerikusia duten arriskuak ere badaude. Baina hori guztia esanda, ezin dugu gauden egoeran egon: Ameriketako Estatu Batuak sortzen ari dira; Txina, kopiatzen; eta Europa, arautzen bakarrik. Hedabideoi dagokigunez, guztiok ere lasterketaren hasierako puntu berean gaude, baina batzuek adimen artifizialaren botoi gorria sakatuko dute eta beste batzuek ez; sakatzen ez duten horiek atzean geratuko dira. Era berean, fake news-en kontua dago eta gure lanbidea apur bat zatartu egingo da, beste batzuek sortutako edukia egiaztatzeko lana ikaragarri handituko delako. Intrusismoa areagotuko duen? Alde batetik bai, baina, beste alde batetik, adimen artifizialari etekina aterako diotenak prestakuntza profesionala dugunak izango gara, kalitatezkoa dena eta ez dena, egia eta gezurra ezberdintzeko gai garenak. Dena den, fake news-en kontu horrekin guztiarekin, dagoeneko gauza ez da egia eta gezurra ezberdintzea, egia dena eta egiazkoa dirudiena ezberdintzea baizik: erreala dirudiena eta erreala dena eta erreala dirudiena baina ez dena. Kazetariok ezbaian gauden arren, gure lana edozeinek egin dezakeela dirudien arren, inoiz baino beharrezkoagoak gara eta adimen artifizialak geure balioa handitu dezake.

Zertan geratuko da kazetarien lana?

Larrituta gaude, esan berri dudan moduan, hedabideak ezbaian daudelako: garrantzia galtzen joan dira, eta baita jendearen bizitzetan zuten presentzia ere. Aldi berean, gure lanbidearen balioa gutxitu egin da, une oro kritikatzen gaituzte; hor daude sasi-kazetariak eta edukien sortzaileak. Non egongo den gure balioa? Konfiantzan, egiaztapenean, testuingurua emateko gaitasunean, kontrastatzean, kalitatea ematean. Horixe izango da kazetaritzaren balio berria. Gauzak hartzen ari diren abiadura ikusita, momentuz, analisia, pentsamendu kritikoa, gaiak ikuspegi anitzetatik aztertzeko gaitasuna dira kazetariak ordezkaezinak egiten dituztenak. AAk ez du emoziorik, baina ondo entrenatuz gero, eragin ditzake. Hala ere, kritikaren eta kontrastearen arloan oraindik ere abantaila dugu. Beste alde batetik, masa hedabideetatik hedabideen masa batera pasatu gara: lehen, askorentzat emititzen zuten gutxi batzuk ginen; orain, baina, gutxi batzuek askorendako emititzen dute, edo jende-talde konkretu batendako. Kazetaritzak bere papera birplanteatu behar du, irekita egon behar du eta aldaketa onartu. Ezin dugu denbora galdu adimen artifiziala ona ala txarra den erabakitzen; komunikatzaile moduan hartu behar dugun erabakia da dagoeneko bertan dugun etorkizunean ikusleak edo protagonista izan nahi dugun.

Zelako erredakzioak imajinatzen dituzu 10 urte barru?

Makinez osatutako laguntzaile taldeak gidatzen dituzten pertsonak egongo dira erredakzioetan. Makinek egingo duten lan asko egongo da, baina enplegu gutxi. Horrekin lotuta, oso garrantzitsua den elementu bat ere aipatu nahiko nuke. Izan ere, pertsonentzat lan askoz ere gutxiago egongo denez, politikariek ere pentsatu beharko dute oinarrizko errenta unibertsala edo AAri zerga bat ezartzea. Orain arte pertsona baten duintasuna eta nortasuna lanari lotuta egon da, eta hori ere aldatu egingo da aurrerantzean. Nik imajinatzen dudan erredakzioa ez da toki bat zeinetan robotek gauzak batera eta bestera eramaten dituzten, baizik eta da erredakzio bat non gizakien eta makinen konbinazio bat dagoen; zientzialariek 2040rako aurreikusten zuten hori, baina askoz lehenago etorriko da. Kazetariok, gainera, makinak bakarrik ez, eduki sortzaileen lan egiteko modua ere barneratu beharko dugu komunitatearekin benetako interakzio bat egon dadin.

"ADIMEN ARTIFIZIALEAN, AEB-AK SORTZEN ARI DIRA; TXINA, KOPIATZEN; ETA EUROPA, ARAUTZEN BAKARRIK"

Esaten ari zaren guztiak hedabide handiendako zein tokikoendako balio du?

Bai, noski. Hedabide handiak dinosauroak gara datorren meteoritoari begira, baina meteoritoa jada erori da. Tokiko hedabideendako aukera handi bat ikusten dut, duten gertutasunean oinarrituko delako publikoari eskainiko diotenaren balioaren zati handi bat, audientzia hori interesen komunitate bat bihurtzeko. Interesatzen dena dagoeneko ez da nora heldu, horra nola heldu baizik. AEBetan egunkariak zapatuan eta domekan bakarrik argitaratzen dira paperean eta gainerakoan webgunea AArekin elikatzen dute; alde horretatik, onurak lortzen dituzte.

Publikoari jakinarazi egin behar zaio zerbait adimen artifizialarekin sortzen denean?

Bai: ahots sintetikoetan, bideo faltsuetan... Nik 1970eko hamarkadako istripu bati buruzko lan bat egin dut, eta, orduko bideorik ez neukanez, AAren laguntzarekin sortu ditut; hasieratik jakinarazi dut hori. Hori argitzea ona da bai informazioa ematen duenarendako, bai jasotzen duenarendako ere.

Adimen artifizialaren eragina kazetaritzan bere momentuan Interneten edo sare sozialen agerpenek izan zutena baino handiagoa izango da?

Ikusten ari naizenaren arabera, Interneten agerpenak izandakoa baino dezente handiagoa izango da. Detaile bat: ohiko bilaketak Googlen egitetik adimen artifizialean egitera pasatu gara eta erabiltzaileen eta profesionalen jokabidearen aldaketa dagoeneko eragina ari da izaten SEO posizionamenduan. Enpleguan ere eragin handia izango du, baina ez dut uste lana kenduko digunik, lan-zama baizik. Munduko Ekonomia Foroaren arabera, 2030ra bitartean 90.000.000 lanpostu suntsituko dira, nahiz eta ez diren denak AAgatik desagertuko. Baina, era berean, 172.000.000 lanpostu sortuko dira, eta horietako askok izango dute zerikusia AArekin. Hori horrela, garrantzitsua da gaitasun berriak eskuratzea, algoritmoz goraino gaudenean eta dena Adimen Artifiziala izango denean, ezberdinduko gaituztenak gure giza gaitasunak izango direlako: antolatzeko gaitasuna, lantaldean aritzekoa, lidergoa, aldaketarako malgutasuna... Jendea, Adimen Artifizialean formatzearekin batera horietan ere formatzen ibili beharko litzateke. Baina inpaktua itzela izango da. adimen artifizialak erabilera ona eta txarra izan dezake, eta ikuspegi horretatik ezagutu, horretan formatu eta horren erabilera etikoa eta legala egin behar dugu. Eta dagoeneko denboraz kanpo gabiltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak