ALBISTEAK

Berritasun eta ekitaldi ugarirekin dator 60. Durangoko Azoka

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 19a

273 ekitaldi, 285 erakusmahai eta mila nobedade baino gehiagorekin dator Durangoko azokaren 60. edizioa. Berbagailua eta Atartea guneak estreinakoz izango dira, eta, gainera, gaueko ikuskizunak ere bueltatuko dira. GOIENAk ere azokarekin bat egingo du, Berbagailua gune berriaren eta Azoka Telebistaren ardura hartuz.

Durangoko Arte eta Historiaren museoan aurkeztu dute gaur, azaroak 19, 60. Durangoko Azokaren egitaraua. Inoiz baino nobedade, ekitaldi eta erakusmahai gehiago  izango dira aurtengoan eta "pozik" azaldu dira Azokaren lanketan aritu diren arduradunak. "Pozik gaude azken urteetako tendentzia gorakoa delako, eta honi eustea ere ez litzake gutxi izango. Hori izango da datozen urteetan gure helburua", adierazi du Beñat Gaztelurrutiak Durangoko Azokaren koordinatzaileak.

Abenduaren 5etik 8ra izango den Durangoko Azokako Landako Gunean, 285 erakusmahai jarriko dituzte eta 1.026 kultur nobedade egongo dira; 694 liburu, 163 musika ekoizpen, 3o aldizkari eta 139 bestelako ekoizpen. Gainera, lan berriak aurkezteko 273 ekitaldi izango dira. Gaztelurrutiak gehitu duenez, "Sortzen doazen adierazpen eta korronte berrietara moldatzen ari da euskal kultura, eta horren atzetik, euskarazko sorkuntza bultzatu eta hauspotzeko asmoz lanean dihardu Durangoko Azokak".

Ezkerretik eskuinera, Diana Franco, Gotzon Barandiaran, Irati Agorria, Maider Barandiaran, Beñat Gaztelurrutia eta Itxasne Arabiourrutia, Durangoko Azokako antolatzaileak.

Bi gune berri

60. urteurrenaren harira, gelditzeko etorri diren zenbait berrikuntza prestatu dituzte. Horien artean izango dira Berbagailua –podkasten plaza– eta Atartea –arte ederren plaza–. Lehen gune horren ardura, GOIENAk hartuko duela iragarri du Oihane Agirre Goiena Telebistako zuzendariak: "Abenduaren 5ean zabalduko dugu Berbagailua eta ikasleak izango dira bideo-podkastak ekoitziko dituztenak. Bestetik, Euskal Herri mailan existitzen diren hainbat podkastek, gune hori aprobetxatuko dute euren atal bat grabatzeko. Berezia izango da, Durangoko Azokako edukiei zuzendutako atalak izango direlako". 

Horien artean, GOIENAk, Sona bideo-podkasta eramango du Azokara. Malko musika taldearen disko berriaren inguruan jardungo da Jokin Bereziartua aurkezlearekin. Horrez gain, Azoka Telebistaren ardura ere izango du GOIENAk, Aitor Agirianok zuzenduta. 

Bestetik, Atartea izeneko gunean, ilustrazioari lotutako erakusketak eta ekitaldiak antolatuko dira. Aurkezpen ekitaldia egin duten toki berean, Arte eta Historiaren museoan kokatuko da, eta, besteak beste, 20 ilustratzaileren irudiek osatutako erakusketa edo Irati Bazetaren Harien isla erakusketa ikusteko aukera egongo da bertan.

Kultur eskaintza gauean

Horrez gain, azoka itxi eta gero, egitarauak jarraipena izango duela ere iragarri dute. Abenduaren 5ean Lukiek eta Ezezez izango dira 6an, Mirua eta Naxker. Behe Bandakoen errezitaldia eta bostOK konpainiaren emanaldi bat ere egongo da egun berean. 7an Formol laborategiaren ikuskizuna eta, baita Bittor Kapanaga kulturgilea omentzeko ekitaldia izango dira, Paul Urkijoren Gaua  filmaren emanaldiarekin batera.

Azoka Palestinarekin

Prentsaurrekoan gaineratu dute Azokak gaitzetsi egiten duela Palestinako genozidioa eta "Genozidioa ez" jartzen duen eransgarriarekin eta abenduaren 7ko lanuztearekin aldarrikatuko dute hori.

Durangoko Azokako egitarau osoa durangokoaz0koa.eus webgunean ikusgai dago jada. 

60. Durangoko Azokako antolatzaileak, gaur, Durangoko Arte eta Historiaren museoan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak